Hauteskundeak 2015. Emaitzak

EH Bilduk lortu ditu alkatetza gehien, baina nabarmen jaitsi da

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 25a, 10:05

EAJk Tolosan, Amasa-Villabonan eta Iruran eskuratu ditu alkatetzak, eta PSE-EEk Albizturren

EH Bildu koalizioak eskuratu ditu alkatetza gehien eskualdean, 17 herrirenak hain justu, baina hiru herri nagusitan galdu ditu, eta EAJ lortu ditu alkatetza horiek: Tolosa, Amasa-Villabona eta Irura. du bere nagusitasuna Tolosaldean udal hauteskundeetan. Beste sei udalerritan hautetsi zerrendek eskuratu dituzte alkatetzak. Albizturren PSE-EEk eskuratu du alkatetza, eta Baliarrainen ez da udal hauteskunderik izan, zerrendarik ez delako aurkeztu.

Zinegotzi kopuruan ere aurrena izan da EH Bildu, guztira 110 lortuz. Orain lau urte baino 16 zinegotzi gutxiago lortu ditu. Kontuan hartu behar da 2011n Albizturren Aralar aurkeztu zela eta aurtengoan ez dela EH Bildu koalizioaren zerrendarik izan, eta Adunan 2011n ez zela aurkeztu ez Bildu ezta Aralar, eta aurtengoan koalizioak parte hartu duela. Zortzi herritan zinegotzi kopurua jaitsi egin da: Alegia, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Berastegi, Ibarra, Tolosa eta Zizurkil.

Bigarren indarra zinegotzi kopuruetan EAJ izan da, 44rekin, orain lau urte lortutakoa ia bikoiztu egin ditu, 21 gehiago lortu baititu. Hauteskunde hauetan 10 herritan aurkeztu da alderdi jeltzalea, hau da, orain lau urte aurkeztu zen bederatzi herriez gain, aurtengoan Berastegin ere atera du zerrenda. Iruran lau gehiago lortu ditu; Amasa-Villabona eta Ibarran hiru gehiago, Anoeta, Tolosa eta Zizurkilen bi gehiago; Alegian eta Asteasun bat gehiago; eta Berastegin hiru eskuratu ditu.

Hirugarren alderdi nagusiena, hau da, herri zerrendak kontuan izan gabe, PSE-EE izan da. 2011n lau zinegotzi lortu zituen, bana eskualdeko herri nagusietan, eta aurtengoan 11 zinegotzi eskuratu ditu. Horietatik zazpi Albizturren izan dira. Hiru herritan, Tolosan, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen mantendu du zuen zinegotzi bana. Ibarran galdu egin du, eta Larraulen eskuratu du zinegotzi bat. 16 udalerritan aurkeztu da PSE-EE, orain lau urte bezala, baina aldaketa batekin: aurtengoan Altzon ez du errepikatu, eta Larraulen zerrenda aurkeztu du, 2011 ez bezala.

Orain lau urte moduan, PPk ez du lortu zinegotzirik. Orduan eskualdeko 28 herrietan aurkeztu zen eta aurtengoan 11 herritan bakarrik.

Boto kopuruei dagokionez, EH Bilduk jaso ditu gehien, guztira 9.865 lortuz (2011n, 12.246). EAJ izan da bigarren, 8.932 botorekin (2011, 5.721). PSE-EEk 1.221 eskuratu ditu (2011n, 1.249), hirugarren postua lortuz. Laugarren PP izan da, 356 botorekin (2011n, 897).

Foru hauteskundeetan ere EH Bildu da nagusi eskualdean
Tolosaldeko mapa politikoa ezagutzeko egokiago da foru hauteskundeetako emaitzei begiratzea. Lehen indarra EH Bildu da, guztira 9.997 boto lortu baititu. Bilduk eta Aralarrek orain lau urte batutakoak 13.187 boto dira, beraz jaitsi egin da koalizioa.

Hauteskunde hauetan bigarren postua lortu du EAJk, orain lau urte bezala. 8.929 boto jaso ditu, beraz, igoera izan du, 2011n 6.511 lortu baitzituen. Podemos da hirugarrena 1.691 botorekin. PSE-EE hirugarren postutik laugarrenera jaitsi da, 1.318 boto lortuz. PPk 566 boto eskuratu ditu, laugarren postutik bosgarrenera pasatuz, eta seigarren postuan Irabazi dago 273 botorekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!