Europako Sega Txapelketara bidean

Eneritz Maiz Etxarri 2015ko uzt. 30a, 12:39
Argazkia: Uztarria

Abuztuaren 28tik 30era Europako Sega Txapelketa jokatuko da Azpeitian; bertan izango da euskal selekzioa

Abuztuaren 28tik 30era Azpeitiko Loiolan jokatuko den Europako Sega Txapelketan Euskal Herria ordezkatuko duen selekzioa izango da. Bost emakume eta hamar gizonezkok osatzen dute taldea, eta Tolosaldeko hainbat segalari ariko dira.  
 
Emakumezkoetan Alaitz Imaz hernialdearra, Ainhoa Galarraga eta Ainara Otamendi ibartarrak eta hauekin batera, Irati Astondoa eta  Ainhoa Mazkiaran ariko dira euskal koloreen defentsan. Gizonezkoetan, berriz, Koldo Arzelus tolosarra, Oier Urkola anoetarra, Bixente Mitxelena, Jesus Mari Goenaga, Julen Gabirondo, Andoni Urrutia, Aimar Garmendia, Jon Otegi, Mikel Lizartza eta Suharri Irazustabarrena izango dira sega arin bezain ondo astindu beharko dutenak. 
 
Azpeitian jokatuko den txapelketan sei herrialdek hartuko dute parte, eta euskal herritarrek Alemania, Austria, Suitza, Eslovenia eta Hego Tiroleko segalarien aurka neurtu beharko dituzte indarrak.
 
Selekzio bakoitza 15 segalarirekin aterako da zelaira, baina Suitzak eta Austriak, 16 segalari ekarriko dituzte, aurreko txapelketako irabazle bezala, gizonezkoetan batak eta emakumezkoetan, besteak. 
 
Guztira 92 kirolari lehiatuko dira: 61 gizonezko eta 31 emakumezko. Hauez gain, antolatzaile lanetan, sei epaile nagusi, 12 epaile osagarri eta  12 kronometratzaile eta biltzaile talde ariko dira. Guztira 350 bat partaide inguru izango ditu Europako Sega Txapelketak.

Giroa kaleetara hedatuko da

Txapelketaz gain, Azpeitiko kaleetan aparteko egitaraua ere antolatu dute hiru egun horietarako. Herrialde guztietako arduradunei harrera eginez hasiko dira, eta Merkatu plazan izango dituzte musika eta otorduak. Igandean ere beste herrialdeetako kultur erakustaldia izango da, eta herrialde eta segalariak ezagutaraziko dituzte. Gaztetxoek ere, I. Europako Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute.
 
Azpimarratzekoa, egunero Azpeitiko plazan dantzaldiak izango direla erromeria taldeen eskutik: ostiralean Joxe Mendizabal izango da; larunbatean Laket; eta igandean, Imuntzo eta Beloki.

Egitaraua

Abuztuak 28, ostirala
19:00. Herrialde guztietako arduradunei harrera udaletxean.
19:30. Merkatu plazan musika, animazioa eta otorduak.
23:00. Joxe Mendizabalekin dantzaldia merkatu plazan. 
 
Abuztuak 29, Larunbata
16:00. Gaztetxoen I. Europako Txapelketa Ikasberriko belardian.
18:00. Kabalkada ikasberriko biribilgunetik Azpeitiko plazara.
19:00. Herrialde eta segalarien aurkezpena eta sailen zozketa egingo dira. (Jantokia irekita egongo da nahi duenarentzat eta musika animazioa izango da bertan).
23:30. Dantzaldia Merkatu plazan Laket taldearekin.
 
Abuztuak 30, igandea
10:00. Meza Loiolako basilikan.
11:30. Europako Txapelketaren hasiera gizonezkoak.
13:00. Belardian atsedenaldia izango da; jan eta edateko aukera egun guztian zehar.
13:30. Gizonezkoen txapelketak jarraituko du.
15:00. Emakumezkoen Sega Txapelketa.
18:00. Kanpoko herrialdeen kultur erakustaldia.
19:30. Sari banaketa. Merkatu plazan musika animazioa eta jantokiak irekiak egongo dira.
22:00. Dantzaldia Imuntzo eta Belokirekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!