Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan eskualdeko zazpi ordezkari

Tolosaldeko Ataria 2015ko ira. 12a, 12:24

43 bertsolarik hartuko dute parte datorren irailaren 20an Beasainen hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Abenduaren 20ko Ilunbeko finala bitartean 14 saio izango dira eta horietako bat Tolosako Usabalen jokatuko da: azaroaren 29ko finalaurrekoa.

Beasaingo Usurbe antzokian abiatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irailaren 20an eta lehen saioan ariko dira Haritz Mujika eta Beñat Iguaran. Irailaren 26an Azpeitian kantatuko du Unai Mendizabalek eta hurrengo egunean Lasarte-Orian Mikel Artolak. Elkarrekin egokituko dira Elgoibarren, urriaren 3an, Oihana Iguaran eta Iñigo Gorostarzu. Duela lau urteko finalistak, final laurdenetan sartuko dira txapelketan eta beraz, urriaren 24an Urretxu-Zumarragan kantatuko du Jexux Mari Irazuk.

Udaberrian Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea jokatu ondoren abiatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Gipuzkoa Bertsotan 74 bertsolarirekin abiatu zen, eta horietatik 30 lehen sailkatuek lortu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela. Tolosaldeko seik: Haritz Mujika asteasuarrak, Beñat Iguaran amasarrak, Unai Mendizabal zizurkildarrak, Oihana Iguaran amasarrak eta Iñigo Gorostarzu Etxeorde berastegiarrak.

Hogeita hamar bertsolari horiei, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zuten beste 13 bertsolari gehitu zaizkie eta osotara, beraz, 43 bertsolarik hasiko dute txapelketa. Jexux Mari Irazu larrauldarra final laurdenetako lehen saioan sartuko da.

Abendura bitartean 15 saio jokatuko dira: sei final zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko eta finala. Saio bakarra jokatuko da eskualdean. Tolosan izango da, azaroaren 29an, Usabal kiroldegian.

Beasaingo Igartza jauregian aurkeztu dute lau urtez behin jokatzen den txapelketa. Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak egin ditu aurkezpen lanak: "txapelketa hutsa baino gehiago da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Gipuzkoan bertsolaritzak duen osasunaren isla da; besteak beste, bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan, lehiaketa eta sariketetan bizi dugun emankortasunaren erakuslea".

Bertsolariez gain, talde zabala ariko da txapelketan lanean. Gaiak ematen 9 lagunek jardungo dute, tartean, Iker Iriarte alegiarrak, Imanol Artola Felix amezketarrak eta Ion Zaldua billabonatarrak. Aurkezle lanak egiteaz gainera, gaiak prestatzen ariko dira.

Azken urteotan egin den trebakuntza lanari esker, kide berriak inguratu ditu epaile taldeak. Final zortzirenetan, final laurdenetan eta finalaurrekoetan bosna epaile izango dira saioetan, eta finalean, berriz, sei. Horietako bat da, Zigor Leunda billabonatarra.

Saioetara sarrerak aurrez erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus webgunean. Horrez gain, saioen egun berean ere jarriko dira salgai, aretoan bertan. Saioetarako sarrerez aparte, bertsozaleek txapelketarako bonua erosteko aukera izango dute. Informazio guztia, www.bertsozale.eus gunean eguneratuta eskainiko dute.

"Lau urtetik behingo hitzordua ailegatu da, eta orain bertsolaritzarekin gozarazi eta gozatzeko momentua da", nabarmendu du Sarai Jauregik aurkezpen ekitaldiaren amaieran.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!