Argazkia: Bertsozale.eus

Gipuzkoako Txapelketako bigarren saiorako prest dira Unai Mendizabal eta Mikel Artola

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan entzun dira lehen doinu eta errimak. Igandean, Beasainen, final zortzirenetako lehen saioa jokatu zen, eta bertan izan ziren Haritz Mujika asteasuarra eta Beñat Iguaran amasarra.
 
Lehen saio horretan lehen postua Jon Maia bertsolariak lortu zuen, 456,5 punturekin; horrela, Maia zuzenean sailkatu da urriaren 31n, Zestoan jokatuko den final laurdenetarako. Alaia Martin eta oraindik erabakitzeke dauden beste lau bertsolarirekin ariko da bertan.
 
Aipatu bezala, eskualdeko bi bertsolari izan ziren lehen saio honetan, eta puntuazioari dagokionez emaitzarik onenak lortu ez bazituzten ere giro ederreko bertso saioa  bizi izan zuten. Beñat Iguaran laugarren postuan geratu zen, eta Haritz Mujika, berriz, seigarren eta azken postuan. Honenbestez lehen saio honetako sailkapena honela geratu zen:
 
Jon Maia Soria 456,5
Ane Labaka Mayoz 444
Iñigo Mantzizidor Larrañaga "Mantxi" 427
Beñat Iguaran Amondarain 420
Eli Pagola Apezetxea 420
Haritz Mujika Lasa 409
 
Bertsolarien ez zitzaien ikus-entzuleen babesik falta. Beasaingo Usurbe antzokia lepo bete zen, 350 bertsozalerekin lehen saio honetan. Leihatila 16:00etan ireki eta aurrez saldu gabe zeuden sarrerak bost minututan agortu ziren. Txapelketak bertsozaleen artean ikusmina eta desira sortu ditu.

Mendizabal eta Artolaren txanda

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak hurrengo asteburuan izango du segida, eta hurrengo asteburuko bi bertso saioetan ariko dira Unai Mendizabal zizurkildarra eta Mikel Artola alegiarra. Lehena, larunbatean Azpeitiako Soreasu antzokian ariko da, 17:30etik aurrera.
 
Bigarrenak, berriz, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean ari beharko du, 17:30ean. Biek beste bost bertsolarirekin aritu beharko dute final zortziren horietan. Bi saioetarako sarrerak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eus web orrian.
 
Guztira sei final zortziren jokatuko dira, baina ondoren bost final laurden eta hiru finalaurreko jokatuko dira, abenduaren 20eko final handia baino lehen. Txapelketa osoan berrogeita hiru bertsolari ariko dir kantuan, horietatik zazpi izango dira eskualdekoak. Jada aipatutako ordezkariez gain, Elgoibarren, urriaren 3an, Oihana Iguaran amasarrak eta Iñigo Gorostarzu berastegiarrak parte hartuko dute. Eta duela lau urteko finalistak, final laurdenetan sartuko direnez txapelketan, urriaren 24an Urretxu-Zumarragan kantatuko du Jexux Mari Irazu larrauldarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!