Gizartea eraikitzeko eredu alternatiboen herria sortuz

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 8a, 15:32

Urriaren 24an, Bilbon, Alternatiben Herria ekimena ospatuko da, alternatiben bila

«Alternatibak eraikitzen dituen herria bizirik dago». Baieztapen horrekin hasi du gaur Tolosaldeko Karta Sozialaren taldeak egin duen agerraldia. Izan ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eztabaida prozesuan oinarriak finkatu ondoren, «alternatibak eraikitzen hasteko eta hasita daudenak hauspotzeko» garaia iritsi dela uste dute, eta bide horretan, urriaren 24an, Bilbon Alternatiben Herria ekimena ospatuko dute.

Egun hori «aldarrikapen, hausnarketa eta ospakizun eguna» izango dela azaldu du, Maddi Sarasolak, Tolosaldeko Karta Sozialaren taldearen izenean. «Hamaika proposamen handi eta txikiren erakusleihoa» izatea nahi dute Bilboko topagunea.

Eredu sozial berria

Alternatiben Herria sortzeko proposamena Bizi mugimendutik abiatu zen, sistema aldatu, ez klima lelopean;  2015eko abenduan Parisen egingo den klima aldaketaren inguruko goi bilerari erantzuteko asmoz.

Gauza honela, Bilbon ospatuko den Alternatiben Herrian klimaren inguruko proposamenari «beste batzuk gehitu» nahi dizkiote Karta Sozialaren taldetik: «Euskal Herrian eremu sozial, ekonomiko eta kulturalean, egunez egun, alternatibak eraikitzen ari diren horiek plazara atera nahi ditugu, izan norbanako nahiz eragile». Proiektu horiek «balio justuagoetan oinarritutako gizartea» eraikitzen lagun dezaketela uste dute.

Bide horretan, «pertsonen beharrak erdigunean jartzen dituen eredu sozial berria» aldarrikatu dute, eta horretan saiatuko dira urriaren 24an Bilbon. Mobilizazioa «eraikitzailea» izatea nahi dute, eta horretarako «denentzat tokia» izango da. Herri eta auzoetan martxan dauden alternatibak ezagutarazten saiatuko dira Bilbon, jarduera ezberdinen bitartez: hitzaldiak, mahai inguruak, azoka, tailerrak, kale ikuskizunak, jolasak...

Gauzak honela, Alternatiben Herrian Euskal Herriko Mugimendu Sozialaren kohesioan «urratsak» ematen jarraitzeko asmoa dute.  «Trantsizio sozial eta ekologikoa lortzeko» gizartearen beharra azpimarratuko dute, eta egun horren ondoren, «alternatiba horiek elkarlanean aritzea» ahalbidetzen saiatuko dira.

Honenbestez, herritar guztiei urriaren 24an Bilbora joateko gonbitea luzatu diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!