Tolosaldeko zazpi dantzari Segurako suelto txapelketan ariko dira

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 15a, 12:23

Euskal Herriko 39. dantza txapelketa izango da aurtengoa, eta 14 bikote ariko dira, guztira

Udaberrian hasi eta uda amaitu bitarte, sueltoko dantza txapelketek ez dute etenik izaten. Egutegian festak ugaritzen direnaren seinale da hori eta, era berean, urteko hitzordu nabarmenaren iragarle. Horrela, ikasturtea hasi eta udazkenarekin, iritsi da Segurako dantza sueltoko txapelketa.

Larunbatekoa 39. Euskal Herriko dantza txapelketa izango da, eta Tolosaldeko bost dantzari ariko dira oholtzan. Dantzatuko duten hurrenkeraren arabera, Xabi Artola irurarra ariko da, batetik, Idoia Besada pasaitarrarekin batera, Irura ordezkatuz; hirugarrenak izango dira dantzatzen.

Ibarrako ordezkariak, batetik, Mapi Egues eta Ane Zubelzu izango dira, laugarren postuan dantzatuz.

Zazpigarren bikotea Lierni Kamio billabonatarrak eta Iker Sanz lezotarrak osatutakoa izango da, eta Villabona ordezkatuko dute.

Suelto txapelketan izango da bikote ordezkari bat baino gehiago dituen herririk ere, Ibarra kasu. Horrela, Aimar Odriozola eta Izaro Urrestarazu bederatzigarren tokian ariko dira oholtzan.

Eta, azkenik, Ibarrako beste dantzari bat Zaldibiako bikotearekin ariko da Seguran. Iratxe Lizarburu Ibai Jimenezekin ariko da.

Pilotalekutik nahiz sofatik

Hamalau bikote lehiatuko dira guztira, eta bikote bakoitzak fandango eta arin-arin bana dantzatu beharko du, ohi bezala. Fandangoa txistuarekin nahiz albokarekin joko diete, eta arin-arina, berriz, trikitiarekin.

Gipuzkoako Euskal Dantzarien BIltzarreko dantza suelto batzordeak izendatuta, Ander Garitaonandia, Arantxa Garin, Koro Sarasola, Nahikari Vizuete eta Xabier Mendizabal izango dira epaimahaikideak.

Txapelketa 18:00etan hasiko da, Segurako Baratze pilotalekuan. Bertaratu ezin dutenentzat, ordea, ETB 1ek saioa eskainiko du, larunbatean bertan, 21:45ean hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!