Osasungintzak abiaraziko du TOPAren aldarri-agenda

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 9a, 18:42
TOPAko kideek abastos eraikinean iragarri dute osasungintzaren atxikimendua biltzeko asmoa.

Duela zenbait aste iragarri bezala, koordinakundeak sektorez sektore mugiarazi nahi du Tolosaldeko gizartea; urtarrilaren 16an izango da osasun langileen agerraldia.

Esan eta egin. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak etenik gabeko agenda prestatu du datozen hilabeteetarako, helburu bakarrarekin: 2016ko azaroan Invizaren –Asuncion klinika– eta Osasun Sailaren artean berritzekoa den hitzarmena ez sinatzea.

Azken lau urteotan plazaratu dituzten aldarriei eutsiz, eskualderako kudeaketa publikoa izango duen ospitale publikoa eskatuko dute, eta baita espezialitateen anbulatorio osatua ere. Horretarako, ordea, esparruz esparru mugiarazi nahi dute Tolosaldeko gizartea, eta osasungintzako langileak eta langile ohiak izango dira lehenak, atxikimenduak pilatze horretan.

"Tolosaldeko osasun zentroetan lan egiten duten 93 langilek berretsi dute jada, eskualdeko osasun zerbitzuak nekez eskainiko duela EAEko gainerako eskualdeetako zerbitzuek eskaintzen dutena", azaldu dute agerraldian. Baina 93 horiei beste hainbat batzea nahi du TOPAk eta, horretarako, "osasungintzaren sektorean lanean ari direnei nahiz erretiroa hartuta dutenei, esparru publiko zein pribatukoei, osasun zentroetakoei, ospitalekoei nahiz hirugarren adineko egoitzetakoei" dei egin diete agerralditik. 

Sorreraz geroztik egiten ari diren moduan, TOPAk sinaduren bitartez bildu nahi du osasungintzaren esparruko gizon-emakumeen atxikimendua eta, horretarako, hainbat bide izango dituzte sinatu nahi dutenek: "Lantoki zein zentroetan sinatzeko aukera izango da, eta baita Trianguloa plazako Gaztelako atean ere. Halaber, http://osasunpublikoa.blogspot.com blogean ere bada horretarako txoko bat".

Enbidoa botata, itxarotea geratzen zaio TOPAri, eta asteotan jasotako erantzunarekin, datorren urtarrilaren 16an izango da, Trianguloa plazan, osasungintzako sinatzaileen atxikimendua plazaratzeko hitzordua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!