2015eko 'Ataria.info'ko trafikoa, 2014koaren bikoitza

Mikel Iraola 2016ko urt. 11a, 19:44

2015an zehar, %132,2ko igoera izan du bisitetan ataria.info-k; 720.000 bisitatik gora izan ditu

Tolosaldeko albisteak euskaraz kontsumitzeko ohitura sortzea da TOLOSALDEKO ATARIA-ren helburuetako bat. Sarean behintzat, ohitura horrek goranzko joera duela erakusten dute 2015eko datuek: pasa den urteko bisita kopuruaren bikoitza baino gehiago jaso ditu aurten ataria.info-k.

Guztira, 720.275 bisita izan ditu webguneak aurten, hilabete bakoitzean bataz beste, 60.000. Urria izan da hilabeterik indartsuena datuei begiratuz gero: 74.548 bisita jaso zituen, horietako 31.845 erabiltzaile bakar izanda. Pasa den urteko datuekin alderatuta, %132,2ko igoera suposatzen du horrek, 310.196 bisita jaso baitzituen 2014an.

Gero eta mugikorragoa

Euskarriei begiratuta, telefono mugikorretatik kontsumitzeko joerak nabarmen egin du gora. Dagoeneko erdia da (%49.7) Smartphonetatik sartzen den bisitarien kopurua. 2014an %34,93koa zen zifra hori.

Joera hori ikusita, hainbat aldaketa egin ditu aurten ataria.info-k mugikorren bertsioari dagokionez: alde batetik responsive diseinua hobetu du, arinagoa eta azkarragoa bihurtuz; eta bestetik, WhatsApp bidez albisteak zabaltzeko aukera ezarri zen abenduan.

Irakurriena

Asko eta asko izan dira jarraipen handia izan duten edukiak, baina ekainean bi emakumek idatzitako «A que te follo por 1,5?» gutunak muga guztiak puskatu ditu. 11.600 bisitatik gora izan zituen. Urtzi Gurrutxagari egindako omenaldian bildutako bideo eta argazkiak, Asteartitako istiluen kontakizuna eta Izarne Olanori egindako elkarrizketa dira gehien irakurri diren ondorengo edukiak.

Hobetzen jarraitzea helburu

2016an ere bai, egunez egun webgunea hobetzen jarraitzeko asmoa du TOLOSALDEKO ATARIA-k, apurka-apurka ohitura hori gehiago hazi eta egonkortzeko. Hobetze lan horietan, zerbitzuetan jarriko du fokua ataria.info-k aurten: abenduan argitaratu zen Tolosaldeko zerbitzu gida, enpresa, denda eta gainerako erakundeen informazioa bilduz. Aurrera begira ere gisa horretako informazio gehiago eskainiko ditu webguneak.

Horretarako, baina, ezinbestekoa da herritarren laguntza: edukiak sortzen ematen dutena, baita ekonomikoa ere. Horregatik guztiagatik, Atarikideei eta proiektua bideragarri egiten duten erakundeei eskerrak eman nahi dizkie TOLOSALDEKO ATARIA-k.

Baina halaber, ezin ahaztu, interneten publikatzeak ere baduela bere kostua. Kontsumitzea doakoa bada ere, webgunea bizirik mantentzeak ahalegin ugari ditu, eta Atarikideen laguntzarik gabe errentagarri izatea ezinezkoa litzateke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!