Garbiñe Biurrunek gezurtatu du Podemosen lehendakarigaia denik

Iñigo Terradillos 2016ko urt. 27a, 14:48

Publico egunkariak argitara eman duenez, Garbiñe Biurrun tolosarra lehendakarigai izateko Podemosen agendan dago. Biurrunek, berriz, gezurtatu egin dio albistea TOLOSALDEKO ATARIAri

Hasi da lehendakaritzarako hautagaien izenen dantza. Eta lehena Garbiñe Biurrun da.  Garbiñe Biurrun epailea, Podemosen balizko lehendakarigaia. Publico egunkariak titular horrekin eman du albistearen berri.

Agerkari honek, alderdiko iturriak aipatuz, baieztatu du "adostasuna" dagoela alderdiaren zuzendaritzan: "Bere izena azaldu da, eta gustuko dugu. Aldaketarako aktibo garrantzitsua izan daiteke" diote, Publicoren arabera, Podemoseko zuzendaritzatik.

EAEko ordezkaritzak ere albistea "baieztatu" du, alderdiko korronte guztiak "ados" egongo liratekeela esatearekin batera. Beti ere, hauteskunde primarioak gainditu beharko lituzte, lehendakarigai izatera iritsi aurretik. Datorren hilabetean egingo dituztela ere jakinarazi du Publicok.

Biurrun: "Ez dago ezer"

TOLOSALDEKO ATARIAk Biurrunekin hitz egin ahal izan du gaur goizean, eta berak adierazi duenez, ezer gutxi du horren inguruan esateko: “Podemos une honetan, nik dakidanez, Euskadiko barne zuzendaritza hautatzen ari da, eta ez dakit noiz izango duten hauteskunde autonomikoetarako hautagaiak izendatzeko prozesua, edota orokorretarako, horiek errepikatu beharko balira”.

Beraz, momentuz tolosarrak dioenez, "ez dago ezer". "Beharbada, hainbat pertsonaren eta talde politikoaren buruan nire irudia dago, Madrilgo alkate Manuela Carmenarekin paralelismoa egiten dutelako oso erraz, perfilaren antzekotasunagatik”, esan du.

Garbiñe Biurrunek esan du ez dakiela bera egoki ikusten duten lehendakarigai moduan, baina, dena den, berak alderdi politikoen barne demokrazian sinesten duela dio: “Gutxitan ematen da, eta espero dut Podemosen benetan barne demokrazia hori mantentzea, eta horren arabera, egokiena ikusten dutena aukeratuko dute. Nik ez dakit ni hor egongo naizen edo ez naizen egongo”.

Atzetik datorren kontu bat dela esan du Biurrunek, eta EAJ alderdiak esana zuela lehenagotik ere: "Anasagastik adierazi zuen abenduan bazekiela Podemosetik nirekin jarriko zirela harremanetan”.

Bere burua ikusten ote duen lehendakarigai moduan galdetuta, berriz, ez duela hausnarketarik egiten ezer ez dagoenean erantzun du Biurrunek. "Zerbait dagoen unean egingo dut nire hausnarketa”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!