'Sukaldatu' programan parte hartu dute Zubimusu ikastolako ikasleek

Tolosaldeko Ataria 2016ko ots. 3a, 10:00

Lau egunez egin dira tailerrak eta bertan Basque Culinary Center-eko sukaldariek DBH 1-eko ikasleei ondo elikatzeko irizpideak eta ohitura osasungarriak azaldu dizkiete modu didaktikoan

Zubimusu Ikastolak eta Basque Culinary Center-ek elkarrekin Sukaldatu programan hartu dute parte gaztetxoak ohartarazteko modu orekatu eta osasuntsuan elikatzeak duen garrantziaz. Egitasmoaren helburu nagusia da balioan jartzea sukaldaritza eta osasunean eta familia giroan eta gizartean duen eragina, eta baita tokian tokiko produktuen eta gutxi industrializatutakoen garrantziaz jabetaraztea ere.

Sukaldatu programak hiru eremu hartzen ditu aintzat: ikastola, familia eta elikagaiak erosteko erabiltzen ditugun dendak edo supermerkatuak. Arreta berezia jartzen zaio familian sukaldatu eta jateari. Ikerketek diotenez, familia giroan afaltzen duten neska-mutilak osasuntsuagoak dira eta arrisku gutxiago dute elikaduraren inguruko trastornoak pairatzeko. Horregatik, programa ez da bakarrik Ikastolako haurrentzat, baita gurasoentzat ere.

 Saioari hasiera merkatura edo dendara joanez ematen diete tokiko eta garaiko produktuak erosteak duen garrantzia ikusteko, sukaldatuko dituzten elikagaiak erosten dituzten bitartean. Ondoren,  denen artean bazkaria prestatu eta ikastolan bazkaltzen dute eurek prestatutako jakiez gozatuz.

Sukaldatu  Basque Culinary Center eta Ikastolen Elkartearen arteko egitasmoa da eta Eroskiren laguntzarekin ematen dute aurrera. Zubimusu Ikastolarako programa aproposa da, ikasleei menu zaporetsuak eta osasungarriak eskaintzeko ahalegina egunerokoa baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!