Irakaskuntza molde berrietan, pauso bat gehiago

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko api. 19a, 16:41
11 faseko erronketan lantzen dituzte, lehen irakasgai zirenak; Mielmari Imazek eman ditu horren inguruko azalpenak.

ETHAZI proiektua beren lan dinamiketan txertatu dute Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak eta Inmakulada ikastetxeak; iraultza txiki bat ekarriko du zikloen jardunera.

Etorkizunari begira bizi omen da gizakia, momentua bera bizi beharrean. Hezkuntzak ere badaki zerbait horri buruz, eta behin baino gehiagotan errepikatu izan da «etorkizuneko herritarrak prestatzeko tresna» dela. Bada, denboraren dantzatik ihes egin gabe, badirudi hezkuntzaren azken joerek bestelako formulak proposatu dituztela, eta Tolosaldean bada ezagutzeko aukerarik, ETHAZI proiektuaren eskutik: momentuko beharrei erantzuten ikasiz, etorkizunekoetara malgutasunez egokitzeko prestatu nahi dituzte lanbide heziketako ikasleak.

Tolosaldea eta Inmakulada ikastetxeak lan egiteko modu berri horietan trebatzen ari dira, eta gaur aurkeztu dituzte, ordezkari politikoen aurrean, Tolosaldea LHIko ikasgela berrituak; Inmakuladan maiatzaren 26an aurkeztuko dituzte. Besteak beste, Joxemari Elola Tolosaldea LHIko zuzendariarekin batera, Mielmari Imaz irakaslea, Ramon Martinez de Murgia Eusko Jaurlaritzako Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria eta Olatz Peon Tolosako alkatea izan dira ekitaldiko hizlariak.

Rol eta kudeaketa aldaketa

«Irakasle eta ikasleen arteko harremana oso desberdina da metodologia honi esker». Hala nabarmendu du Joxemari Elola ikastetxeko zuzendariak. Izan ere, irakaskuntza molde tradizionaletatik atera, eta irakasleen rola nahiz ikasgelen itxura aldatzea dakar ETHAZIk, antolakuntza horizontal bati begira.

Etorkizuna langile nomadaz betea izango dela azaldu du Mielmari Imazek, Raquel Roca adituaren hitzak hartuz: «Errealitate horrek orain arteko moldeetan ez dauka lekurik, eta pertsonak kudeatzeko molde berri bat beharrezkoa zen». Horrenbestez, gizartearekiko ardura duten ikasleak heztea da proiektuaren helburua, antolakuntza malgua eskainiz, garai digitalera egokituz eta tokian tokiko berezitasunak kontuan hartuz.

Gaur egun, Tolosaldea LHIan 11 ziklo eskaintzen dituzte, eta horietatik 9 ETHAZI metodologiarekin lanean ari dira jada. Finean, ikasleek beren arloko enpresen beharrei erantzuten diete, eta erronken bidez lantzen dituzte, lehen irakasgai zirenak: «Orain arte, irakasleok arbelean egoten ginen, eta ikasleak aulkietan. Batzuek arreta jarriko zuten, baina beste askok ez», dio Imazek.

Horrela, irakasle bakoitzak bere enpresa-txikia irudikatzen du, orain, ikasleekin, eta behar bat identifikatu ondoren, 11 fasetako erronka proposatzen die ikasleei: «Helburura iristeko beharrak zehaztu eta erantzun, horretarako informazioa antolatu, bakarkako nahiz taldeko proposamenak egin, jarduerak gauzatu, emaitza aurkeztu eta ebaluatu egiten dugu, bi ikasgeletan». Eta, hori guztia ebaluatzeko, gainera, ETHAZIk atzean utzi ditu ohiko kalifikazioak: erronka bakoitza ebaluatuko dute, 1etik 10era bitarteko notak erabili gabe.  

Dinamika berriek espazio berriak eskatzen dituzte, eta Tolosaldea LHIko zenbait gune goitik behera aldatzea ekarri du horrek. Batetik, ikasgeletako mahaiak enpresetako bulegoetakoak bezala ezarrita daude, eta moldatzeko aukera eskaintzen dute. Hhormak, gainera, kristalezkoak dira, gardenak, eta hezkuntza tradizionaleko gela «zurrunak» atzean uztea dakar horrek: «Ziklo desberdinetako ikasleak ikasgela berean lanean aritzen dira, une berean, eta irakasle bat baino gehiagorekin, noski. Horrela, talde lana errazten da, baina baita sormena bultzatu ere, arbelera begira baino aktiboago baitaude ikasleak», dio Imazek.

Irakaskuntza berritzaile eta pertsonalizatuago hori garatzeko aukera Tolosaldea Saretzenetik iristi zaie Tolosako bi zentroei. Aurreko agintaldiko proiektu baten haritik, eskualderako estrategikoak izan zitezkeen egitasmoetarako diru poltsa bat bideratzea erabaki zuten, eta ETHAZI egitasmoa ahalbidetu du horrek, garapen agentziarekin elkarlanean; udalek Ondasun Higiezinen Gaineko Zergatik jasotako %10 bideratu dute horra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!