[Gutuna] Berandu baino lehen

Mikel Artola Izagirre 2016ko mai. 10a, 13:13

Zerbait mugitzen ari da azken aldian euskararen gaian. Atarian bertan argitaratutako bertso batek eman zuen zeresana orain hilabete gutxi, eta azken astekarian ere hausnarrerako motiboak ematen dituen iritzi artikulu bat bazen. 

Euskal Herri mailan, berriz, joan den ostegun goizez aurkeztu zituen Euskara 21 taldeak etorkizuneko erronkak, eta egun berean baina arratsaldez ospatu zuen UEMA-k bere 25. urteurrena. Baina guk, Tolosaldean, zer diogu etorkizun ikuspegiaz eta estrategiez, protesta eta iritziez harago?

Egoeraren diagnostiko txiki bat egiteko, orain bi aste argitaratu zituzten Ibarrako kale erabileraren datuei begiratu besterik ez dago; jaitsiera nabarmena da. Akaso herri handietako kontua dela usteko du norbaitek, baina datuek alderantzizkoa diote: arnasguneetan egin du atzera euskarak. Alegia, denok ondo ulertzeko moduan esanda: Tolosaldeko herriak erdalduntzen ari dira. Norabidea hori da, eta gertatzen denaz konturatzea da lehen egitekoa.

Eta horren aurrean zer? Ba, honela laburbildu liteke egoera gutxi gora-behera: administrazioari begira hogeita zortzi udaletatik hamalau daude UEMA-n; seik euskara teknikaria dute; batzuetan euskaraz ikasteko taldeak daude. Eta gizarte antolatuari erreparatzen badiogu, Galtzaundi da Tolosaldean egituratuta dagoen euskara elkarte bakarra. Funtsean hori da egoera. Horri gehitu behar zaizkio, noski, Ataria, Harituz… eta euskalgintzan diharduten hainbat norbanako. Zein da kontua? Ez dela nahikoa. Datuek hori diote. Eta hori baino haratago doa kontua, arazoa ez da ia neurririk hartu ez duten udalerriena bakarrik, UEMA-n egotea edo teknikaria izatea bakarrik ere ez baita nahikoa.

Zer da, beraz, nahikoa? Agian baldintzak betetzen dituzten udalerriak UEMA-n sartuko balira, Galtzaundi Tolosaldea guztiko euskara elkartea bihurtuko balitz borondatezko tokian tokiko taldetxoekin eta liberatuak izatea ahalbidetuko balu administrazioak, Tolosaldea Garatzenek bere erantzukizuna asumituko balu… berandu baino lehen ekingo genioke arnasguneen indarberritzeari.

Mikel Artola Izagirre, Euskal Filologian lizentziatua

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!