Giltzarria adierazpena

Tolosaldeko Ataria 2016ko eka. 4a, 16:04

Erabakiaren aroa abiatu da Euskal Herrian, eta erabakiaren aroa abiatzera goaz Tolosaldean. Adierazpenak dira bide horretan lehen geltokia, gaur, hemen, argitara ematen dugun adierazpena. Gure Esku Dagok, baita Tolosaldean ere, hausnarketa sakona egin du. Berau oinarri hartuz, hemen bildu garenok errealitate dugun Giltzarria adierazpena aurkezten dugu. Erabakia gaur eta hemen errealitate bihurtu nahi dugulako. Erabaki historikoak tarteko Tolosaldea 28 herrik osatzen dugu, batzuk herri izatea erabaki zutelako, herri izan nahi zutelako. Orain, herri honen etorkizuna erabaki nahi dugu demokrazia sakonean sinisten baitugu, eta horretarako, herriari entzuteko tenorea iritsi dela deritzogu. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea egikaritze bidean, Tolosaldean egingo dugun ekarpena da honakoa. Nolako Euskal Herria nahi dugun erabaki nahi dugu, eta hori, euskal herritarroi dagokigu. Erabakitzeko eskubidea, emaitzaren gainetik gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena da, bizikidetza edota elkarbizitzarako oinarria. Gurea erabaki nahia da; demokrazia ariketa sinplea, baina konplexutasunez betea. Horregatik, hemen bildu garenok ondorengoa adierazi nahi dugu:

1- Herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela.

2- Erabakitze eskubidearen inguruan adostasun eremu zabalak sortu ditugula eskualdean, abiatuko dugun bidea zilegitzen duena.

3- Erabakitze eskubidea errealitate bihurtzeko Giltzarria bultzatuko dugula; herritarron parte hartzea ahalbidetuko duen prozesua.

4- Elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik, ezberdinen arteko adostasunak bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugula.

Horretarako, herritar ororen parte hartzea ezinbesteko baldintza da erabakitze ariketa hau aurrera era- mateko. Guztiok gara giltzarria. Erabaki nahiaren espresio izan behar dugu, ezberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarria. Tolosaldeko herritarren hitza entzun dadin, 2017ko udaberrian hautetsontziak zabaltzea erabaki dugu, herriari galdetzera goaz. Horretarako, Tolosaldeko herritar anitzek osatutako batzordeak gidatuko du galdeketa bitarteko prozesua. Herritarroi berau sostengatzea dagokigu hurrengo hilabeteetan bultzatuko den sinadura bilketaren bidez. Gaurkoa, lortu dugun adostasunaren adierazle da. Gurekin bat egin dezazun eskatu nahi dizugu, hori baita demokrazia ariketa honi zilegitasuna emateko bidea.

 


 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!