Ba ote kotxerik gabeko egunik?

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 22a, 11:52

Kotxerik gabeko eguna da gaurkoa, nahiz eta egunero bezala kotxeak ikusten diren bazter guztietan. Badirudi egun honen aldarrikapena egitea ikastetxe eta ingurumen zentroen kontua dela soilik, eta gizartea orokorrean ez dagoela prest autoa etxean utzi, eta oinez edo bizikletaz mugitzera. Besteak beste, Tolosa eta Ibarran ekitaldiak egin dituzte.

Kotxerik gabeko eguna dela eta eskualdeko hainbat ikastetxek autoa etxean utzi eta oinez zein bizikletan bertaratzeko gonbita luzatu diete ikasle, guraso zein irakasleei. Ibarrako Uzturpe ikastola da horietako bat; plazan elkartu eta oinez igo dira eskolara. Irteeran ere gauza bera egingo dute.

Tolosan, bere aldetik, Ingurumen Sailak antolatuta herriko hainbat ikastetxetako LHko 6. mailako ikasleek Trianguloa izan dute bilgune. Bertan hiru tailer egiteko aukera izan dute. Batetik, udaltzainak trafikoak sortzen duen soinua neurtzen ibili dira; bestetik, bizikleten mantenua egiteko ikastaroa izan dute; eta azkenik, mugikortasun egokia egiteko jarraitu beharreko arau eta pausoen berri eman diete ikasleei. Iñigo Muñoz Ingurumen teknikariak esan duenez, Tolosan ingurumen arloko arazo nagusietako bi airearen kalitatea eta soinu maila dira. Urtean zehar, 10 egunetan, hauen balioak beharko litzatekeena baino altuagoak dira, eta hori trafikoarengatik da. Hori dela eta, joan-etorriak oinez zein bizikletaz egiteko gonbita luzatu die herritarrei.

Era berean, Trianguloan 2 udaltzainekin bildu dira ikasleak. Joxe Juan Igarategi Udaltzaingoaren trafiko arduradunak azaldu duenez, inguruan "zarata asko" dago beti, baina "ohitu egiten gara". Haurrei isiltzeko esan diete eta horrela momentu horretan jasotako sentsazioen berri emateko esan diete. "Zaratak analizatu ditugu eta balorazioa egin dugu. Soinumetroarekin dagoen zarata neurtu dugu eta Trianguloa inguruan, Rondilla kalean, 70 dezibelio inguruko soinua dagoela ikusi dugu. Euskal Herria plazan, esaterako, trafikorik ez dago eta bertan 50 dezibelio inguru jaso ditugu", esan du. Esan behar da 90 dezibeliotik gorako zarata kaltegarria dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!