Tolosaldeko Giltzarria

Piztu da erabakiaren motorra

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 19a, 19:15
Tolosako Topic zentroan elkartu dira, martxoaren 19ko galdeketa sustatuko duten batzordeko 38 kideak.

Datorren martxoaren 19ko galdeketa sustatuko duen lan-taldea aurkeztu dute, eta sinadura bilketa martxan jarriko dute datozen asteotan.

Ekainaren 4an aurreratu zuten, Euskal Pizkundea plazatik: "Herriari galdetzera goaz". Giltzarria adierazpena plazaratu zuten uda aurretik, eta baita Tolosaldean hautetsontziak zabaltzeko eguna iragarri ere: 2017ko martxoaren 19a. Bada, bost hilabeteren faltan, erabakiaren motorra piztu dute, jada, eskualdean, eta motor horixe aurkeztu dute, gaur, Tolosako Topic zentroan.

Guztira, 38 gizon-emakumek osatuko dute herri-galdeketaren prozesua sustatzeko batzordea, eta haiek izango dira bizilagunen ahots eta belarri. Batetik, 28 herrietako bakoitzak ordezkari bana izango du batzorde sustatzailean eta, horrez gain, Gure Esku Dago koordinakundeko lau dinamizatzaile ariko dira, eskuz esku, eurekin. Azkenik, Tolosaldeko herritarrek erreferentziazko sei izen eta aurpegi izango dituzte, erabakiaren aroari ekiteko: talde motorreko kideak.

"Tolosaldeko biztanleok gara egitura horren osagai garrantzitsuena, eta gure parte-hartzerik gabe prozesuak ez du zentzurik", azaldu dute Oihana Iguaran eta Iker Ariznabarreta talde-motorreko kideek. Eurekin batera, seikotea osatuko dute Periko Peñagarikanok, Marijo Esnaolak, Mikel Artolak eta Ioseba Mateosek, eta martxora bitarteko bidean eman beharreko pausoak iragarriko dizkiote eskualdeko gizarteari.

Bi eginkizun

"Guztion artean handia egitera goaz!", halaxe nabarmendu dute agerraldian. Eta, horretarako, batzorde sustatzaileko 38 kideek bi eginkizun nagusi izango dituzte esku artean.

Tolosaldeko herritarren sinadurak biltzea izango da lehena, horrek bermatuko baitu, datorren martxoaren 19an galdeketa antolatu eta egin ahal izatea: "Galdeketa baldintza egokietan eta berme osoz aurrera eramatea da gure eginkizuna, eta Gure Esku Dagok herri-galdeketetarako mamitutako protokoloa baliatuko dugu horretarako. Horregatik, herritarren babesa behar dugu, bestela ez baita galdeketarik izango". Giltzarriak datozen egunetan jakinaraziko du sinadura-bilketaren hasiera-data.

Bigarrenik, 2014ko ekainaren 8an giza-kateak sortutako ilusio kolektibo hori Tolosaldean berpiztea izango da batzorde anitzaren jomuga, "guztiok baikara beharrezko, etorkizuna elkarrekin irudikatzeko".

Horrela, beraz, elkarlanerako dei eginez, iritzi eta pentsaera guztien garrantzia azpimarratuz biribildu dute agerraldia: "Pentsatzen duzuna pentsatzen duzula, zure iritzia garrantzitsua da. (...). Gu gara giltzarria, gure esku dago!".

[TOLOSALDEKO ATARIAk Giltzarriaren inguruko erreportajea argitaratuko du ostiral honetako astekarian, urriaren 21ean.]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!