[Gutuna] Urriaren 26ean ikasle Greba Orokorra. Kanpora errebalida frankistak!

Iker Otermin Laura Spearey 2016ko urr. 20a, 11:03

Lau urte murrizketa basatiak egiten egon ondoren, Alderdi Popularrak erasora jo du beste behin gazte eta langile familien aurka. Udako hilabetetan, Rajoyren gobernuak dekretuz eta ezkutuan, hamarkadetan izan den hezkuntza publikoaren aurkako erasorik handiena onartu du: errebalida frankistak indarrean jartzea. Helburua argia da: familia xumeetako milaka gazte hezkuntza sistematik kanporatzea.

Zer dira errebalida frankistak eta nola eragiten digute? Errebalidek egungo selektibitatea hirukoiztea suposatzen dute eta izugarri gogortuko ditu titulu bat eskuratzeko baldintzak:

DBH 4ko errebalida: gainditzen ez duenak ezingo du Batxilergora joan eta ez du DBHko titulua ere jasoko, nahiz eta irakasgai guztiak gaindituak eduki. Honek lan merkatura titulaziorik gabe ateratzea suposatuko luke.

2. Batxilergoko errebalida: gainditu ezean ezingo da unibertsitatera joan eta ez da Batxilergoko titulua eskuratuko irakasgai guztiak gaindituak eduki arren eta lan merkatura DBHko titulu hutsarekin bakarrik aterako da.

Unibertsitaterako sarbide errebalida: azkenik, legeak irekita uzten du hirugarren selektibitate baten aukera unibertsitate bakoitzaren kontura.

PP eta EAJ aliatuak hezkuntza publikoa suntsitzeko. Errebalidek ez dute hezkuntza kalitatea hobetzea helburu, filtro gisa erabili nahi dituzte familia xumeetako ikasleak ahalik eta azkarren eta inolako kualifikaziorik gabe lan merkatura jaurtitzeko. Eraso honen oinarrian PPek defendatzen duen eta EAJk guztiz bat egiten duen eredu soziala dago: gehiengoarentzat prekarietatea eta esplotazioa, gutxiengo pribilegiatu bat errege moduan bizitzeko. Urkulluren gobernuak LOMCEari eta murrizketei kontrajarri nahian erabiltzen aritu den erretorika, erabat kontraesanean dago errealitatean aurrera eraman duen praktikarekin; murrizketak, dirua pribatu-kotzertatuari oparitzea publikoaren kontura, irakasleak kaleratzea eta LOMCEa aplikatzea. Beraiek, PPk bezala, langile familiei hezkuntza eskubidea kentzea dute helburu.

Urriaren 26ean denok grebara! Ikasle Sindikatutik eta Euskal Herria Sozialistatik matxinadara deitzen dugu gazteria, datorren urriaren 26ean ikasgelak hustuz eta kaleak manifestazio masiboetan betez. Dei egin nahi diegu Ikasle Abertzaletako kideei eta hezkuntza komunitatearen osotasunari, denak batera atera gaitezen eta hau lehen pauso handi bat izan dadin borrokan, errebalidak eta LOMCE atzera botatzeko.

Manifestazioak 12:00etan izango dira, Donostian Bulebarretik aterata.

Iker Otermin eta Laura Spearey Euskal Herria Sozialistako eta Ikasle Sindikatuko kideak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!