Lana gehitu baino, aldatu egin zaigu egunotan

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2020ko eka. 12a, 19:00
Sei eta zazpi urte daramatzate DYAn Leire Amonarrizek eta Kepa Aristik. AMAIA GOIKOETXEA

Hedadura handiagoa duten boluntario proiektuek ere badute egoitza Tolosaldean: Gurutze Gorria eta DYA, ziurrenik, ezagunenak.

Gazteak dira Kepa Aristi eta Leire Amonarriz, baina jada urte batzuk badaramatzate DYAn boluntario lanetan. 18 urterekin hasi zen Kepa Aristi, eta zazpi urte daramatza; ia beste horrenbeste Leire Amonarrizek: «Amonarekin arazo bat izan genuen. Lagundu egin nahi nion, baina ez nekien nola. Horrelakoei aurre egiteko zerbait ikasi behar nuela erabaki nuen, eta 16 urterekin sartu nintzen. 22 ditut orain».

21 lagun daude Tolosako egoitzan. Lehen sorospenen ikastaroa eginda, boluntario sartzeko SAU izenekoa egin behar izaten da segidan, eta behin sartuta, formazio berezituagoa jasotzen jarraitzen dute boluntarioek: «Talde eta lan ezberdinak daude: erreskateak, alor soziala, anbulantziak... lan sozialetarako, adibidez, jendea nola jaitsi eta igo ikasi behar izaten da, edota erreskatekoek GPSaren ingurukoak», zehaztu du Aristik.

Normalean zerbitzu prebentiboak eskaintzen dituzte, eta laguntza 112 larrialdi zerbitzuei. Azken asteotan, ordea, ezohikoa izan da egunerokoa: «Lana gehitu baino gehiago aldatu egin zaigu», zuzendu du Aristik. «Ez dago ekitaldirik, eta, beraz, ezta zerbitzu prebentiborik ere. Hori guztia aldatu dugu, batez ere, adinekoei erosketak egiteko, desinfekzioak gauzatzeko, farmaziara joateko...».

Esperientzia ona dela azaldu du Aristik: «Gauza asko bizitzen ditugu: onak, txarrak eta bitxiak ere bai». Jendea momentu larrian dagoenean laguntzen dute maiz, eta momentu horietan lagundu ahal izateak betetzen ditu: «Gustura geratzen dira eta zu ere bai», adierazi du Amonarrizek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!