Danborrak astindu gabe,  baina San Sebastian ospatuz

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 18a, 07:59
Leaburun urtero herriko dantzarien saioa izaten da.

Eskualdean Orendain, Berrobi, Leaburu-Txarama eta Berastegin daude San Sebastianen omenezko baselizak, eta herri horietan ospatuko dute larunbatekoa.

San Sebastian eguna izango da larunbatekoa eta ohiturari jarraituz ekitaldiak izango dira Berrobi, Berastegi, Leaburu eta Orendainen. Lau herri horietan badaude San Sebastiani eskainitako baselizak eta ondorioz, meza bereziak egingo dituzte. 
Esan gabe doa eskualdean gehiago direla mezara joateko ohitura edo nahirik ez dutenak, joaten direnak baino, baina egia da ere, San Sebastiani eskainitako baselizak bereziak direla benetan, eta merezi duela handik pasatzea, kultur ondare horiek bisitatzeko.


Berastegin Leitzalde auzoan dago San Sebastian baseliza. Berastegitik Leitzara doan errepidetik ikusi daiteke eta Gorosmendi mendatetik igarotzen den lekuan dagoen muino baten gainean dago, 533 metroko garaieran. San Sebastian izurriteen eta legenarraren zaindaria omen eta kondairak dio bertan fraide bat bakarrik bizi izan zela. Egunero iturri batetara joaten zen ur bila eta iturri hori oraindik ere Praile-Iturri izenez ezagutzen da. Baselizan arku-harriak eta horma-bularrak dira interes gehien pizten dutenak. Egun, hutsik dago, baina, ustez erdi arokoak diren leihoak ditu eta badago 1340. urteko agiri bat non baselizaren berri ematen den. Urte horretan santuaren aldeko kofradia bat sortu zuten, Santxastingo-konpadria. 


Berrobin ere badago San Sebastian ermita. Baseliza txiki bat da, errepide bazterrean dago, eta erretaula xume bat dauka, polikromatu gabekoa. San Sebastian baselizaren lehen aipamena 1551. urtekoa da.


Leaburu-Txaramakoa Gaztelura garamatzan bidegurutzearen ondoan dago. Teilatu gainean kanpaia duen burdinazko kanpai-horma eta gurutzea ditu ermitak. San Sebastianen irudia duen erretaula txiki bat du. 


Orendainek ere badu San Sebastian ermita. 1566. urtekoa du lehen aipamena. Gracia de Lizarribar herritar zenak bere testamentuan jasotako azken borondateko xedapen dokumentu batean aipatzen da. Dokumentuak dio bere omenez argia jartzearen truke erreal bat emango zuela.

San Sebastian Eguna
  • Berastegi
    11:00. Meza erretore etxeko kapilan.
  • Berrobi
    16:30. Meza San Sebastian baselizan.
  • Leaburu-Txarama
    17:00. Meza San Sebastian ermitan.
    Ondoren. Herriko dantzarien saioa.
    18:30ean. Merienda ostatuan.
  • Orendain
    10:45. Kalejira herriko plazatik ermitaraino. 
    11:00. Meza, San Sebastian ermitan. Ondoren. Herrira itzulera kalejiran, eta hamaiketakoa eraikin berrian.
    14:00. Bazkaria, Eltxoak elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!