Urak gainezka egin du

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 27a, 10:34

Gauean euriak ez du atsedenik hartu eta goizean goizetik eskualdeko ibai eta errekek gainezka egin dute, larrialdi planak jarri dituzte martxan erakundeek.

Esaterako, Alegian, Amezketa eta Oria ibaiak bat egiten duten puntuan, perimetroa ezarrita dago urek gainezka egin dutelako. Honela, Oria ibaiaren arroa maila gorrira iritsi da Alegian.

Ohiko puntuetan irten da ura bere bidetik; errepideak erreka bihurturik daude hainbat puntutan.

Kontuan hartzeko beste puntua Hernialde da. Tolosa eta Anoeta arteko errepidea moztuta dago. Izan ere, Hernialdeko bidegurutzean urak gainezka egin du.

Tolosan ere kalteak eragin ditu urak, esaterako, Amarozko Usabal industriagunean: hainbat tailer eta garajeetara ura sartu da –Hobera fisioterapia zentroan, adibidez–. Erdigunean ere uraren ondorioak nabari dira. Adibidez, Rondilla kalean estolda batetik ura ateratzen ari da eta ingurua urez beteta dago; Kabi Alai elkartean, esaterako, zortzi zentimetroko putzua sortu da. Bestetik, Zerkausi azpialdean dagoen TAK Oria Arraun Elkartearen gunean ere zenbait kalte eragiten ari da. Bestalde, Bentaundiko zubia itxi egin dute, urak gainezka egin duelako.

Txaraman ere, esaterako, Araxes ibaiak gainezka egin du, eta bizilagun batzuek etxeetara ura ez sartzeko itxiturak egin behar izan dituzte. Lizartzan ere hainbat puntutan urak gainezka egin du.

Villabonan ibaiak gainezka egin du, eta Kale Berriko trafikoan aldaketak egin dira, Villabonako Udalak jakinarazi bezala. Autobus zerbitzua aldatu egin da eta geltoki probisionalak ezarri dira. Esaterako, Tolosalderantz Burni-zubian eta Etxeondoko gasolindegian ezarri dira geltokiak, behin behinean. Eta, Donostiarantz, aldiz, Burni-zubian.

Prezipitazio iraunkorragatik Kantauri barnealdean eta iragate-zonan aktibatu da alerta. Euskalmeteko Jose Antonio Aranda arduradunaren arabera, igaro da «denboralearen okerrena» eta datozen orduetan «gero eta euri gutxiago» egingo du. Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarrita du atzoz geroztik, eta indarrean egongo da, gutxienez, arratsaldera arte. Horrez gain, larrialdi planak jarri dituzte martxan erakundeek.

Monica deituriko denboraleak 30 orduan 140 litro ur utzi ditu Berastegiko estazioan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!