Artolak Buruz Buruko final-laurdenetako txartela eskuratu du

Leyre Carrasco 2024ko api. 7a, 20:06

Jon Ander Peñaren aurka 22-16 irabazi du pilotari alegiarrak, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako partidan; bestetik, Zabaleta eta Jaka aritu dira Zumaiako Aitzuri pilotalekuan eta 22-15 irabazi du pilotari nafarrak.

Buruz Buruko Txapelketa final-laurdenetan sartu da. Lau pilotariren izenak falta ziren ligaxka osatzeko. Asteburuan jokatu dira kanporaketa horiek, eta Iñaki Artolak final-laurdenetako txartela eskuratu du. Pilotari alegiarrak Jon Ander Peña tolosarraren aurka jokatu du arratsaldean, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Emozio handiko partida izan da. Pilotari alegiarrak sakearekin ongi asmatu du eta errematean ere fin ibili da. Peñak, berriz, huts egite handiak egin ditu, baina 21-11ko emaitzan partida amaitzear zegoela ematen zuela, tolosarrak bost tanto jarraian egin ditu. Hala ere, ez dira nahiko izan Artola menpean hartzeko eta azkenean, 22-16 irabazi du alegiarrak.

Jaka kanpo

Bestetik, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan aritu dira lehian Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta. Gaur ez da pilotari lizartzarran eguna izan, Zabaleta 7-0 aurreratu baita denbora gutxian. Une batean, Jakak aurre hartu badio ere (7-9), azkenean pilotari nafarrak eskuratu du final-laurdenetako txartela, 22-15eko emaitzarekin.

Buruz Burukoa ostiralean itzuliko da, Aitor Elordi iazko buruz buruko txapeldunaren estreinaldiarekin. Larunbatean, Zabaleta eta Dario izango dira aurkariak Labriten, eta igandean, berriz, Joseba Ezkurdia eta Iñaki Artola ariko dira lehian Astelena pilotalekuan. Apirilaren 21ean, Unai Laso eta Jokin Altunaren txanda izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!