Miren Larrarte, pilotari onena Europako Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 10a, 11:58

Euskal Selekzioak Portugalen egin den Europako Pilota Txapelketan parte hartu du. Bertan izan dira Miren Larrarte bidaniarra, eta Iñaki Esnal eta Andoni Urbieta larrauldarrak.

Europako Pilota Txapelketa jokatu zen aurreko astean, eta bertan Euskal Selekzioak parte hartu zuen, tartean eskualdeko pilotariekin: Miren Larrarte bidaniarra, eta Iñaki Esnal eta Andoni Urbieta larrauldarrak. Emaitza bikainak lortu zituzten, eta Larrartek emakumezko pilotari onenaren saria jaso zuen. «Sekulako ilusioa egin zidan», esan du bidaniarrak. «Horrelako sariak ez dizkizute egunero ematen, eta gainera Europako Txapelketa batean eta hainbeste jokalariren artean; ikaragarrizko poza eta ilusioa egin zidan».

Hiru modalitatetan aritu ziren emakumezkoak: nazioarteko jokoa, one wall eta pilota portugaldarra. Gizonezkoek, hiru horiez gain, llargues izenekoan ere parte hartu zuten. Emakumezkoek hiruretan urrezko domina lortu zuten, eta gizonezkoek urrea pilota portugaldarrean eta brontzezkoa beste hiruretan. «Nazioarteko jokoan maila ona emango genuela espero nuen, aurretik Munduko Txapelketa irabazi egin genuelako, eta baita pilota portugaldarrean ere. One wall modalitatean genuen gehienbat beldurra, herbeheretarrek eta valentziarrek oso ondo kontrolatzen dutelako. Azkenean urrea lortu genuen eta oso pozik», esan du Larrartek.

«Ez dira hain ohiko modalitateak, eta hemen gutxi batzuk gaude horietan jokatzen dugunak», azaldu du Larrartek. Nazioarteko jokoa bote luzearen antzeko modalitatea dela dio: «Pilota gomazkoa da, arinagoa, eta arauen aldetik sinpleagoa da, ez daude arraiak». Emakumezkoetan lau kide izaten dira talde bakoitzean eta gizonezkoetan bost kide. Bestalde, one wall modalitatean frontisa bakarrik dago, ez dago txaparik, eta pilota frontenisekoaren oso antzekoa da. Aurreko bi horietan parte hartu zuen Larrartek.

Txapelketa egiten den lekuaren arabera bertako modalitate bat jarri ohi da, ezagutu eta horri bultzada emateko, eta oraingoan pilota portugaldarra izan da sartu dutena. «Oso berezia da modalitate hau; niretzat ere berria izan da», esan du bidaniarrak. «Eliza baten paretan jokatzen da, bertan atea duela, eta helburua da pilotak barruan egitea botea, eta berdin du nola iritsi den. Talde bakoitzean hiru pilotarik jokatzen dute, pilota oso goxoa izaten da, eta nahiko motela nire ustez».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!