Zizurkilgo XIII. Antzerki Astea, taularatzeko prest

Eneritz Maiz Etxarri 2015ko api. 17a, 12:13
Argazkia: Goiena

Zizurkilgo Udalak hilaren 20tik 25era bitarteko egitaraua antolatu du, antzezlan ezberdinekin. Alaitz Ormazabal kultura zinegotziak eta Ainhoa Larrea kultura teknikariak hitz egin dute asteaz.

Dagoeneko ondo errotuta dago Zizurkilen Antzerki Astea. Antzerkirako zaletasuna eta grina txiki-txikitatik transmititzen diete zizurkildarrei. Honakoa XIII. Antzerki Astea izango da, eta adin guztietako herritarrengan pentsatuz antolatu du Zizurkilgo Udalak.

Astelehenean, hilaren 20an emango zaio haisera eta Faustinarekin munduratuz antzezlana izango da taularatuko den lehena, Atxulondon. Cletaren ametsa antzerkiak hartuko dio lekukoa hurrengo egunean, asteazkenean, Molli Malone ikusi ahal izango dute herriko txikienek.

Ostegunean, ordea, herriko haurrak izango dira protagonista, eta beraiek izango dira taula gainean aktore lanetan ariko direnak. Pello Mari ikastetxeko haurrek, herriko gainerako ikasle guztiei eskainiko diete ikuskizuna, 11:00etan hasita, Atxulondon.

Helduenen txanda, asteburuan

Anabel Arraiza eta Inazio Tolosa aktoreak izango dira, Zizurkilen, ostiralean Zu gabe antzezlanarekin. Atea teatrok aurkeztua eta Alex Tellok idatzia da: «Nahi baino lehenago banandu ginen eta bizitzarekin aurrera jarrasitu behar izan nuen zu gabe. Orain, gehien behar zaitudanean azaldu zara». Ikusi nahi duenak hiru euro ordaindu beharko du.

Bukatzeko, larunbatean, Olatz Pagaldaik, Erdaldun berrien kluba antzeztuko du, Iriarte Kultur Etxean. «Irantzuren klubean lau katu dira, eta sekula ez dute saririk jaso. Klandestinoa da. Badakizue zergatik? Irantzuren kluba erdaldun berrien kluba da. Erdaldun berri gehienek ez dakite erdaldun berri direnik. Izan ere, zer da erdaldun berri izatea?». Erantzuna jakin nahi duenak, larunbatean Zizurkilera gerturatu besterik ez du.

Egitaraua: XIII. Antzerki Astea

Apirilak 20, astelehena.
Faustinarekin munduratuz. 11:00etan, Atxulondon, HH4, HH5 eta LH1eko ikasleei zuzendua.

Apirilak 21, asteartea.
Cletaren ametsa. 11:00etan, Atxulondon, HH2 eta HH3ko haurrentzat.

Apirilak 22, asteazkena.
Molli Malone. 11:00etan, Atxulondon, LH2, 3, 4, 5 eta 6ko ikasleentzat.

Apirilak 23, osteguna. Pello Mari Otaño ikastetxeko ikasleen emanaldia, Zizurkilgo haur guztiei zuzendua. 11:00etan, Atxulondon.

Apirilak 24, ostirala.
Zu gabe antzerkia, Anabel Arraiza eta Inazio Tolosak antzeztua, 20:00etan, Atxulondon.

Apirilak 25, larunbata.
Erdaldun berrien kluba, Olatz Pagaldairen eskutik. 22:30ean, Iriarte kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!