‘Zizurkil erraietatik’ musika zikloa ostiral honetan hasiko da

Aitor Arroyo Askarai 2024ko api. 24a, 19:59

Zizurkilgo Udalak jarri du martxan ekimena eta hilabetean behin kultur ikuskizun bat antolatzea dute asmo; zikloa ‘Arrixku’ taldeak estreinatuko du ostiral honetan.

Zizurkil erraietatik zikloa jarri du martxan Zizurkilgo Udalak. Hilabetean behin kultur ikuskizunak antolatuko dituzte Atxulondo kultur etxeko areto nagusian, eta bertako artistei «plaza emateko» helburuz sortu dute egitasmoa. Ekimeneko lehen kontzertua Arrixku taldeak emango du ostiral honetan, apirilaren 26an, 20:00etan.

«Izenak berak ondo adierazten duen bezala erraietatik ezagutu nahi ditugu bai Zizurkilgo, bai bailarako artistak. Badakigu sortzaile ugari daudela eta horiei guztiei aukera eman nahi diegu taula gainean azaltzeko eta duten talentua agerian jartzeko», horrela hitz egin du Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak proiektu berriaren inguruan. Hari berari tiraka nabarmendu du «edozein diziplinatako eragileak» bildu nahi dituztela ziklo horretan, eta gazteengan jarri nahi dutela «arreta bereziki».

Ainhoa Larrea kultur teknikariak azaldu du «hainbat urtetan» eskatu dietela herriko gazteek entsegu lokalak zabaltzeko, baina udalaren azpiegiturek ez omen dute ematen eskaera erantzuteko adina.

Kultur etxea, zabalik
«Baloratzen aritu ginen eta Atxulondo kultur etxean areto nagusi bat daukagu; bada, horixe da eskaini nahi dieguna», eskaera horiei erantzuteko kultur etxea zabalduko dutela azaldu du kultur zinegotziak.

Hainbat arte diziplinatako sortzaileak erakarri nahi badituzte ere, musikan emango dituzte lehen urratsak, eta Larreak azaldu du jabetzen direla horrek «mila arazo» ekarriko dituela.

Arazo horietako bat izan liteke lekuak egokitzea kontzertuak egiteko; bada, Zizurkilgo Udalak bere gain hartuko du soinu aparatuak instalatzea Atxulondo kultur etxeko areto nagusian. Horrekin oholtzara igotzea «erraztu» nahi diete, besteak beste, musika talde hasiberriei: «Kultur etxeko ateak irekiz sormena erakarri eta oso harreman interesgarriak sor ditzakegu artisten artean. Udala beti pronto egongo da bidelagun izateko ibilbide honetan».

Zikloaren beste helburu bat da bertako kultur sortzaileei «balioa aitortzea», eta horretan sortzaileak zein «babesleak» bezain garrantzitsuak dira ikusleak Larrearen iritziz. Ekimen honen bitartez herrian hilean behin, gutxienez, kultur hitzorduak antolatzeko ohitura sortu nahi dute. Dagoeneko itxi dute hurrengo ekitaldia ere: Zirubi taldeak emango du kontzertua, maiatzaren 31ean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!