Amasa-Villabonako Udala eta herritarrak bat, eraso sexisten aurka

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 9a, 19:45

Udal gobernuak, oposizioko alderdien atxikimenduarekin, atzo goizaldeko eraso sexista gaitzetsi dute. Elkarretaratzean herritar ugari izan dira.

Bigarren salaketa eguna izan da gaurkoa Amasa-Villabonan. Herritarrak, udal gobernuak oposizioarekin batera deituta, kalera irten dira atzo goizaldeko erasoa gaitzetsi eta erasoa jasan zuen emakumeari babesa eta laguntza helarazteko.

Udalaren izenean, Galder Azkue alkateak eta Nora Urbizu zinegotziak testu bat irakurri dute, eta bertan atzokoa "emakumearen aurkako erasoa" izan zela adierazi dute: "Ez da emakume baten aurkako erasoa izan, herri osoa sentitu da erasotua".

Indarkeria matxista, "lehen mailako arazo" izaki, horrelako gertaerak "salbuespen gisa" ulertu ezin direla esan dute. "Emakumeen eguneroko ogia. Oraindik, neurri handi batean, ezkutuan mantentzen da, justifikatu eta tapatu egiten da. Ez da inola ere, ordea, esparru pribatuari dagokion arazo bat. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea".

Pausoak eman beharra
"Herri parekide bat" nahi dutela ere aldarrikatu dute arratsaldean billabonatarrek, eta horretarako, instituzio moduan, "pausoak ematea" dagokiola aitortu du udalak. "Indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina. Pertsonak askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da. Era berean, ezinbestekoa da emakumeen boteretzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan jartzea, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko. Aurre egiteko neurriak eta erantzunak ere integralak behar dute izan.

Herritarren erantzuna, beti
Bestalde, herritarren erantzuna txalotu egin nahi izan du gaurkoan udalak: "erasotzailearen jarrerak amorrua eta auzo lotsa sentiarazi digun moduan, herritarrek izandako jarrerak oso harro sentiarazten gaitu. Bai erasoaren momentuan eta bai atzoko elkarretaratzean agertutako elkartasunagatik. Hori da bidea".

Aurrerantzean ere erasoen aurrean "planto" egingo dutela adierazi du udalak: "nahikoa dela diogu, ozen eta indartsu, ez dugula horrelakorik jarrerarik onartuko. Guztiona da gure herrian, beldurrik gabe bizitzeko eskubidea, eta denona da eskubide hori bermatzeko ardura. Udal gobernu honek burujabetza defendituko du beti, eta hori norberaren gorputzetik hasten da".

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!