Babestutako edukia

«Bakarrik bizitzen ikasteko aukera izan dut, bereziki»

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea LHII 2023ko uzt. 6a, 09:59
Juan Luis Nazabal koordinatzailea eta Ander Gonzalez ikaslea. LEYRE CARRASCO

Erasmus+ programan parte hartu duen ikasleetako bat da Ander Gonzalez; hiru hilabetez izan da Txekiar Errepublikan, bertako enpresa batean informatikako praktikak egiten.

Martxoan hasi zituen informatikako praktikak atzerrian Ander Gonzalez ikasleak. Txekiar Errepublika aukeratu zuen helmuga, eta Pragan izan zen hiru hilabetez.

Hiru hilabete egon zara Pragan. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Esperientzia bikaina izan da. Programan izena eman nuenean Europako hiru herrialde jarri nituen aukeran; Praga, Irlanda eta Polonia. Pragaren inguruan ez nekien ezer, baina ikertzen hasi eta gure ekonomiaren antzekoa duenez, bertara joatea erabaki nuen.

Zein enpresatan aritu zara?

ICT-Group enpresan izan nintzen, Espainian dagoen beste enpresa baten baliokidea da. Zerbitzu informatikoak eskaintzen dizkie beste enpresa batzuei, hau da, azpikontratazio moduan egiten dute lan.

Zein zen zure zeregina?

Adimen artifizialari buruz ikertzea eta sortzea izan zen nire zeregina, ChatGPT programaren antzera, baina gure informazioa gehitu behar nion. Administratzaile sistemetako lanak ere egiten aritu nintzen, wifi sarea jartzen nuen edota ordenagailuak konpontzen nituen. Informatikarekin lotutako kontuak egiten nituen.

Zer da ikasi duzuna?

Informatikako arloarekin lotutako gauza asko ikasi ditut, baina bakarrik bizitzen ikasteko aukera izan dut, bereziki.

Nolakoa zen zure egunerokoa?

Jaiki, prestatu eta autobusa hartzen nuen enpresara joateko. Autobusean bertan gosaltzen nuen. Lan orduak bukatzen nituenean etxera egiten nuen buelta, eta etxerako bidean musika entzuten joaten nintzen.

Praga bisitatzeko ere aprobetxatuko zenuen, ezta?

Noski. Hango kultura asko gustatu zait, baina hango jendea nahiko itxia da, ez baitaude ohituta turismora. Hizkuntzarekin ez dut arazorik izan, ingelesez ondo moldatzen naiz eta.

Zer da gehien gustatu zitzaizuna?

Bakarrik egotea eta gauzak bakarrik egitea, nire kabuz. Hori da gehien gustatu zaidana, independentzia izatea.

Hemendik aurrera zer asmo?

Erdi maila bukatu berri dut, eta orain goi maila egingo dut Zumarragan. Hori bukatu ostean informatikarekin lotutako espezialitate bat egiteko asmoa dut baina oraindik ez dakit non, Donostian, Tolosan edo Bilbon.

Azkar pasa zaizu denbora?

Hasieran ez, egunak oso luzeak egiten zitzaizkidan. Baina egia da ohartu nintzenerako hilabete eta erdi pasa zela, eta ia ez nuen Praga eta ingurukoa bisitatzeko denborarik izan.

Beraz, esperientzia gomendatuko zenuke?

Dudarik gabe.

Ander Gonzalez bere ikaskideekin batera Praga bisitatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!