Babestutako edukia

Mugarik gabeko elkarlana

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea LHII 2023ko uzt. 6a, 10:00

Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuan elkartruke eta atzerriko prestakuntza saio ugari egin dituzte aurtengo ikasturtean.

Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuan elkarlana dute oinarri. Izan ere, nazioartekotzea ikastetxeko plan estrategikoaren ardatzetako bat da, eta horren bueltan atzerriko herrialde batzuekin hainbat ekimen burutu ohi dituzte. «Gaur egun gizarte gero eta globalizatuago batean bizi gara. Hau dela eta garrantzitsua ikusten dugu beste herrialdeetako erakundeekin harremanak garatzea», azpimarratu du Juan Luis Nazabal Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuaren Nazioartekotze Proiektuaren koordinatzaileak.

Ikasleen elkartrukeak

Nazioartekotze proiektuen artean hainbat programa gauzatzen dituzte, eta horietako bat izaten dira ikasleen arteko elkartrukeak beste herrialdeetako ikastetxeekin batera. Erasmus+ proiektuaren baitan merkataritzako ikasle talde batek bi asteko egonaldia egin du Frantziako Reunion Uhartean, ikasketak eta praktikak burutzeko asmoz. Nazabalek azaldu bezala, «bien arteko esperientzia lehen aldiz 2018an burutu zen, eta beste urteetan egin den antzera, aurten ere hamabost eguneko egonaldia egin dute ikasleek bertan eskolak hartzeko. Oso esperientzia ona izan da». Proiektu hau Lycée La Vue Belle-ko bazkideekin elkartrukeak gauzatzeko akordio baten barruan kokatzen da.

Irakasleak prestakuntza jasotzen izan ziren martxoan Finlandian.

In As In INclusion proiektuaren bidez Eslovenian ere izan ziren.

Lehenengo astean Lycée La Vue Belle ikastetxean eskolak jaso zituzten. Bertan, Reunioneko ikasleekin osatutako kanpainaren parte bezala, Euskal Herriko toki esanguratsu eta euskal kulturari buruzko informazioa zabaldu zuten Tolosaldea LHII-ko ikasleek. Bigarren astean, berriz, lantoki ezberdinetan lan prestakuntza burutu zuten. Horretarako, jomugako herrialdeko enpresa ezberdinetan aritu ziren praktiketan; Intersport, But eta Kit-M enpresetan, hain zuzen.

Ondoren, Reunion Uharteko Saint Paul hirian dagoen Lycée Des Métiers La Vue Belle-eko merkataritzako ikasleek erreleboa hartu zuten. «Hamar ikasle eta bi irakasle izan ziren Tolosan bi astez, eta Tolosako eta Ibarrako establezimenduetan burutu zituzten beraien praktikak», kontatu du Nazabalek.

Duela gutxi ere, mekanika eta informatikako lehenengo mailako Tolosaldea LHII-ko ikasleak Hazparneko San Josepe lizeora joan zirela gehitu du: «Mekanikako ikasleak bi egunetan izan ziren eta Lemu eta Voith Press Office enpresak ezagutzeko aukera izan zuten. Horretaz gain, ekintza kulturalak burutu zituzten, Pasaian dagoen Albaola ikustera joan ziren, esaterako. Informatikakoak ere hiru egunez egon ziren, eta Cisco ziurtagiria lortzeko aukera izan zuten. Izan ere, ziurtagiri hori lortzeko akreditazioa dute San Josepen».

KA2 proiektua

Europar mailan benetako inklusiozko hezkuntza baten kontzeptua hobetzea du KA2 proiektuak, eta horren baitan beste hainbat proiektu ari dira burutzen. Horien artean ezagunena 2020an abiatu zuten In as in INclusion proiektua da. «Sei herrialdetako zazpi erakunde daude horren bueltan, eta helburua herrialde bakoitzean inklusioarekin lotutako praktika onak behatzea da», aipatu du koordinatzaileak. Praktika horiek bilduta, batetik, (IB) Inclusive Booklet izeneko liburuxka sortu dute, eta bestetik, (ITP) Inclusive Training Plan izeneko irakasleentzako online bidezko prestakuntza saioak antolatu dituzte.

Horrez gain, sei herrialde horietan zabalduko diren ikastaro homologatuak ere egin dituzte. Horren adibide, ekainaren 8an, Tolosaldea LHIIan egin zen irakasle eta langileentzako Greziako inklusioarekin lotutako legeriari eta jardunbide egokiei buruzko hiru orduko prestakuntza saioa izan zen. Bertan, United Special Vocational Gymnasium eta Lyceum de Patras taldeetako bazkideek egindako lana erakutsi zen, LHko ikastetxeetan urritasuna duten ikasleen gaitasunen gizarteratzearen eta garapenaren esparruan. Datorren astean, gainera, Porton izango direla jakinarazi du Nazabalek; «proiektu guztia azaltzeko eta honi bukaera emateko azken saioa izango da».

Praktikak egitera atzerrira joandako ikasleak aisialdi orduez gozatzen.

Bestalde, iaz martxan jarri zuten Digitech izeneko proiektua ere badute. Honen helburua ikasle zein irakasleen gaitasun digitalak areagotzea dela dio, jasangarritasunarekin harremana duen edukia lantzeko. «Pandemia garaian gaitasun digitala izatera derrigortu ziguten, bideokonferentziaz bezalako aplikazioen bidez lan egitea egokitu baitzitzaigun. Beraz, irakasleek momentu horretan zeuzkaten gaitasunak neurtzea erabaki genuen, ondoren plataforma bat martxan jartzeko».

Honekin lotutako lehen bilera iazko irailean egin zuten Herbehereetako Oosterblokker izeneko herrian, eta bertan, lau herrialdetako bost ordezkarik parte hartu zuten; Herbeeretako Stichting Technotrend eta Energy Challenges fundazioak, Alemaniako The European Institute for Innovation Technology, Turkiako BOSEV fundazioa eta Euskal Herriko Tolosaldea LHII. Ondoren, hilabetean behin, online bilerak garatzen joan dira, eta azken hitzordua maiatzean izan zuten Tolosaldea LHII-ko eraikinean.

Lehenengo fasean, irakasleek pandemiaren krisiaren garaian landutako gaitasun digitalak neurtu zituzten. Horrela, proiektuaren hasieran gaitasun hauek zenbaterainokoak ziren neurtu ziren. Ebaluazio horren ondorioekin Toolkit-1 izeneko aplikazio eta baliabideak diseinatu, sortu eta martxan jarri ziren plataforman, ondoren irakasleek bertan trebatu ahal izateko. Prestakuntza saioak ere antolatuko dira irakasleei laguntzeko trebakuntza prozesu horretan.

Nazabalek adierazi bezala, «une honetan irakasleak hori erabiltzen ikasten ari dira. Uda ostean berriro eutsiko diogu formakuntzak eman eta ondorioen neurketa egiteko. Bitarte horretan, erabakiak hartu eta interesa dutenentzako orain arte bilatu ditugun ondorioekin prestakuntza saio batzuk emango dira herrialde desberdinetan, eta 15 saio izango dira guztira».

Praktikak egitera atzerrira joandako ikasleak lanean.

Atzerriko egonaldiak

Ikasleen artean ez ezik, Tolosaldea LHII-ko irakasleen artean ere ohikoak izaten dira atzerriko egonaldiak prestakuntza jasotzeko. Izan ere, bigarren mailako ikasleek praktikak hiru hilabetez egitera joaten dira atzerrira, eta irakasleek, berriz, aurretik jasotzen dute prestakuntza.

Nazabalen esanetan, «hangoa behatuz ikasten da; praktikak nola kudeatzen diren, dual sistema nola lantzen den, irakasle taldeak nola kudeatzen diren, nazioarteko proiektuak nola lantzen diren, ebaluazioa nola ematen duten, eta horrez gain, proiektu ugari eraikitzen ditugu elkarrekin».

Gauzak honela, Erasmus+ mugikortasun programa baliatuta, irakasleek ere hainbat egonaldi egin dituzte atzerrian. Horren adibide da iazko azaroaren 27tik abenduaren 2ra hiru irakaslek Turkiara egindako bidaia. Hain zuzen, Bursan kokatzen den Otomotiv Endüstrisi ?hracatçõlarõ Birli?i Mesleki ve Teknik Anadolu Lisesira. «Hango ikastetxearekin elkarkidetza sinatzera joan ginen. Hauek gero gurera etortzekoak ziren apirilean, baina bertan egon zen lurrikararen ondorioz ezin izan zuten etorri», azaldu du koordinatzaileak.

Martxoaren 29tik 30era ere Tolosaldea LHII-ko beste bost irakasle Finlandiako Jyväskylä hirira joan ziren bertako hezkuntza sistema eta metodologiak ezagutzera. Alor ezberdinetako kideek osatu zuten taldea, hain zuzen, hiru informatikari, mantenuko pertsona bat eta administraritzako beste bat. «Hango ikastetxea gure bazkidea da, eta urte ugari daramatzagu elkarlanean. Gure ikasleak eta irakasleak hara joaten dira eta beraienak gurera ere maiz etortzen dira», gehitu du koordinatzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!