Txaramako kultur etxea zaharberritzeari ekin diote

Leyre Carrasco 2024ko urt. 10a, 17:00

Urtarrilaren 2an hasi zituzten lanak Txarama ehuntzen proiektuaren barruan; langabezia egoeran dauden hamar pertsonei formakuntza eta lana eskaintzea du helburu.

Txarama ehuntzeko proiektuaren bigarren fasea abiatu berri du Leaburu-Txaramako Udalak. Iaz abiatu zuen proiektua, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, langabezia egoeran dauden hamar pertsonei formakuntza eta lana eskaintzeko asmoarekin. Guztira 650 orduko formakuntza jasoko dutela zehaztu du Joxe Ramon Eizagirre alkateak, «ondoren lana eraginkorra izan dadin Leaburu-Txaramako udalarentzat, baina batez ere Txarama auzoarentzat». Honela, hamar hilabeteko formakuntzaren bitartez, egoera zaurgarrian dauden hamar pertsonei laneratzea du helburu proiektuak, baita Txaramako auzoa zaharberritzea ere.

Horretarako, 347.000 euroko diru laguntza jaso dutela zehaztu du Eizagirrek: «50 kilometroko erradioan langabezia egoeran zegoen edozein herritar hautatu genezakeela zen diru laguntza hori jasotzeko baldintzetako bat». Gauzak honela, deialdia abiatu eta hamar pertsonako taldea osatu dute. Bertan, Leaburu-Txaramako herritarrak ez ezik, inguruko herrietako biztanleak ere badira.

Hautaketa prozesua «zaila» izan zela esan du alkateak, horregatik, Tolosaldea Garatzenen esku utzi zuten prozesua. Dena den, emaitzarekin «kontentu» daudela aitortu du, «giro oso ona daukate beraien artean, talde oso ona sortu dute eta lana ondo gauzatu ahal izateko oso garrantzitsua da hori».

Hamar hilabeteko lana

Txarama ehuntzen proiektuak hamar hilabete iraungo ditu denera, uztailera arte. Peñaskal kooperatiban jasotzen dute formakuntza, Iñaki Saldaña begiraleak gidatuta. Duela bi hilabete ekin zioten formakuntzari, eta denbora horretan, iturgintza, igeltserotza, pintura, zurgintza eta pladurraren nondik norakoak ikasten aritu dira.

Orain, formakuntzaren bigarren faseari ekin diote eta Txaramako kultur etxea hartu dute erreferentzia moduan, ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz. «Urtarrilaren 2an hasi ziren eta egunean sei orduz jasotzen dute formakuntza, astelehenetik ostiralera», azaldu du alkateak. Saio bakoitza bitan banatzen dute, «lehen hiru orduetan teoria izaten dute Peñaskalen, eta ondorengo hiru orduetan, berriz, kultur etxera joaten dira formakuntzan ikasitako hori praktikan jartzera».

Kultur etxeko lanak amaituta, beste hainbat lan izango dituzte Txaramako auzoan zehar; auzoaren garbiketa, hiri-altzarien margoketa eta autobus geltokiaren garbiketa, besteak beste.

Proiektuak uztailera arte iraungo du, eta «pozik» daudela adierazi du alkateak: «Beldur handiarekin hasi genuen proiektua, izan ere, hamar pertsona antolatzea eta lanera bidaltzea ez da kontu erraza. Oso ondo hasi direla ikusi dugu eta gu ere pozik gaude. Gainera, begirale baten gidaritzapean daude, Peñaskali esker lortuta eta esperientzia handia duena. Hasiera espero genuena baino hobea izan da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!