Tolosako hondakin bilketa sistema

Edukiontzien sistemaren aurkako bozka emango du Tolosako EAJk

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko api. 15a, 12:08
Udal Gobernuaren erabakia gaitzetsi dute jeltzaleek, «aldebakarrekoa» dela esanez.

Agerraldia eskaini du Tolosako EAJk, Batzokian eta, besteak beste, Tolosako Udal Gobernuak aurkeztutako hondakin bilketa sistema berria gaitzetsi du hainbat arrazoi zerrendatuz. Horrela, «argi eta garbi» aurkako botoa emango dute sistema bozkatu beharreko osoko bilkuran.
Olatz Peon bozeramailearekin batera agertu dira hainbat zinegotzi eta alderdikide ere, eta eskerrak emanez hasi dute hizketaldia: «Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, poltsen bitartez egindako aldarrikapenengatik. Horrela, herritarrak zoriondu egin behar ditugu».
Bide horretan, Bilduk eta Aralarrek «EAJk proposatutako bidea hartu dutela» diote jeltzaleek, baina kritika egin diete, «aldaketaren arrazoia hauteskundeei begirakoa izan baita, erabat».
Bide horretan, «7.000 sinadurak gogora ekarri» nahi izan ditu Peonek agerraldian: «Tolosarron herri-mugimendu hori abian jarri izan ez balitz, inguruko udalerrien egoera berean egongo ginateke orain».
Atez ateko bilketa sistema Tolosan ezarriko ez duten arren, EAJk azken hiru urteotako ibilbidea ere gaitzetsi nahi izan du Batzokiko agerraldian, «diru publikoa oker xahutu» dutela salatuz. Horrela, Idemaren txostena, Garbitaniaren txostena, Spora enpresaren kontratazioak nahiz atzerriko sistemak aztertzeko egindako bidaiak aipatu ditu: «Hiru urteotan, beraz, denbora, dirua eta pazientzia ere galdu ditugu».

Edukiontziekin, baina desados
Tolosako Udal Gobernuak proposatutako hondakinen bilketa sistema berriak edukiontziak izango ditu oinarri, eta txip bitartez kontrolatuko dute bilketa. EAJren ustez, ordea, «argi baino ilun gehiago» ditu proposamen honek.
Batetik, «aldebakartasuna» nabarmendu dute, «adostasunerako asmorik inoiz ez dutela izan» salatuz, «ezta aldaketarakoa ere». Bide beretik, «sistemaren aldaketak graduala izan beharko luke» beren ustez, eta bilketaren maiztasuna pixkana aldatzen joan.
Halaber, Udal Gobernuak proposatutako sistema «garestia» dela salatu du EAJk, eta inguruko herrietatik kendu dituzten edukiontziak erabili egin beharko liratekeela Tolosan, «egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta».
Azkenik, Udal Gobernuak «herritarrak mehatxupean» dituela gaitzetsi dute: «Ezin da proposamen bat egin, 2015. urtean atez atekoa ezarriko dutela dioten bitartean».
Horrenbestez, hondakinen bilketa sistema berria bozkatuko duten osoko bilkuran ezezkoa emango dutela argi utzi dute jeltzaleek, eta birziklatzearen aldeko aldarriarekin amaitu dute agerraldia, «bereziki Tolosa Txukun plataformari eskerrak emanez».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!