Aurrekontu positiboak alokairuari bultzada emango dio Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 31a, 17:11

2014. urtea 2 milioi euroko emaitzarekin amaitu du Tolosako Udalak; lau inbertsio nagusi egingo dituzte

Emaitza positiboarekin itxiko du, 2014. urtea, Tolosako Udalak. Iaz ere superabitarekin itxi zuten 2013a, eta likidazioaren berri eman dute Ibai Iriartek eta Lore Agirrek. Zehazki 2.030.277 euroko emaitzarekin biribildu dute iazko aurrekontua, eta, horrela, lau inbertsio nagusi egingo dituzte aurten, «herritarren beharrei erantzuteko». Hurrengo pausoak likidazioa batzordetik pasatzea eta, ondoren, osoko bilkuran onartzea izango dira.
Alkate eta alkateordeak azpimarratu egin nahi izan dute datuok herritarrei azaltzearen garrantzia: «Legealdi hasieratik, herritarrak udalaren kontuetan barneratzen saiatu izan gara, zatitxo bat beraiekin erabakitzeko». Horrela, beraz, aurrekontuei dagokienean, hiru fase nagusi bereizi dituzte: aurrekontuak prestatzea, aurrekontuak aurkeztea eta, azkenik, likidazioa aurkeztea.
2014ko emaitza onen gakoetako bat diru-sarreren igoera izan da, udal gobernuko kideen arabera. Izan ere, sarrerak aurreikusitakoak baino handiagoak izan dira, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerga politikak bideraturiko foru-fondotik. Horrela, 26.146.000 euroko aurrekontuarekin hasitako urtea, 28.837.175 euroko sarrera-likidazioarekin itxi du Tolosako Udalak; gastuen likidazioa, beraz, 26,8 milioi eurokoa izan da.
«Benetan pozteko datuak» dira 2014koak, Ibai Iriartek azpimarratu duenez, eta 2 milioi euro horiek herritarren zerbitzura jarriko dituzte, lau inbertsio nagusirekin.
Alokairua indartuko dute, lehenik, bi proiektutan. 200.000 euro jada aurkezturiko egitasmo batera bideratuko dituzte: egoera txarrean dauden etxebizitzak eraberritu eta alokairuan merkaturatzera, hain zuzen.
Era berean, Kondeaneko aldapan alokairu bidezko 11 etxebizitza eskainiko ditu udalak, 675.000 euro horretara bideratuz: «Aurrekontu horrez gain, Etxebidek ia 500.000 euroko diru-laguntza eman dio udalari, proiektu horretarako», azaldu dute.
164.000 euro, berriz, Elosegi parkea egokitzera bideratuko dituzte: «Desjabetzearen zorra gure eskuetara iritsi zen eta, beraz, ordaintzen ari garenez, eremu berde hori herritarrentzat egokitu behar dela iruditzen zaigu». Horrela, berez bost fasetan banaturiko proiektua izan arren, aurrekontuaren emaitzak lehen hiru faseei 2015ean ekitea ahalbidetuko du.
Azkenik, kirol azpiegiturak hobetzeko alea ere jarriko du udalak, aurrekontuaren emaitza positibotik: Usabal kiroldegiko futbol zelaiari harmailak jarriko dizkiote. «Herritarrek askotan eskatu izan duten zerbait da, eta proiektua diseinaturik dago, gainera. Beraz, onartzea eta esleitzea besterik ez da falta», dio Ibai Iriartek. 141.000 euro bideratuko dituzte horretara, eta bidegorriaren aldean eraikiko dituzte harmailak.

Horrenbestez, guztira, 1.180.000 euroko inbertsioa egingo dute lau proiektu horiek gauzatzeko.
Likidazioaren berri emateko agerraldian, aurrekontuaren emaitza positiboa bezain datu garrantzitsutzat jo dute aurrezki garbia: «Udalaren adierazle garrantzitsuenetakoa da, autofinantzaketa gaitasuna adierazten baitu». Modu horretan, 2014ko aurrezki garbia 3.867.076 eurokoa izan da Tolosako Udalean, eta «berezko baliabideekin inbertsioak egiteko gaitasuna» nabarmendu nahi izan du Iriarte alkateak: «Aipaturiko proiektu horiek guztiak ziurtasunez egin ditzakegu, ez dira aurreikuspenak, eta hori oso garrantzitsua da».

«Helburuak beteta»

Tolosako Udalak bi helburu nagusi izan ditu, aurrekontuei begira: «Bata aurrekontuaren kontrolari eustea izan da, izaera sozialeko gastua mantenduz. Era berean, udalaren zorra murriztea ere gure xede nagusietakoa izan da legealdian».
Bide horretan, 2011. urte hasieran 25.891.231 eurokoa zen zorra, 12.914.781 eurokoa da, gaur egun. Bilakaera horretan, gainera, Elosegi parkeko zein Santa Luzia auzoko eremuko desjabetzeak ordaindu behar izan ditu udalak.
Elosegi parkeko desjabetzeari dagokionez, 2015. urtea amaitzean, milioi bakarra geratuko da ordaintzeko eta, Santa Luziako eremuari dagokionez, berriz, 400.000 euro ordaindu beharko ditu udalak; beste hainbeste ordainduta dago, jada. «2017an, Tolosako Udalak milioi euro bat gehiago izango du, inbertsioak egiteko edo beste zerbaitetarako, Elosegi parkeko zorra kitatuta izango baita», dio Lore Agirrek.
Plazaratu berri dituzten datuak, datorren apirileko osoko bilkuran onartuko ditu udalbatzak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!