Ataria, gure bertso haria

Iñigo Terradillos 2016ko api. 14a, 11:57

'Tolosaldeko Ataria', Harituz Bertsozaleen Elkargunea eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lankidetzari esker, astero-astero egiten da '(H)ari naizela' bertso saioa 'Ataria' irratian

Tolosaldeko Ataria, Harituz Bertsozaleen elkargunea eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lankidetza hitzarmenari esker martxan da (H)ari naizela bertso saioa. Imanol ArtolaFelixek gidatuta, igandeetan, 14:00etan eta asteazkenetan 20:00etan dago entzugai ATARIA irratian (107.6 fm ) eta ataria.info webgunean. Azken honetan, gainera, emititutako saio guztiak entzun daitezke noiz nahi, irratiaren atalean.

Jexux Murua TOLOSALDEKO ATARIAko kudeatzaileak dioenez, «Bertsozale elkartearekin eta Harituzekin hitzarmena sinatu ahal izatea TOLOSALDEKO ATARIArentzat luxu bat da, erreferentziazko bi elkarte eta eragile direlako. Gure helburua eskualdean sortzen diren mugimenduei ahotsa ematea da, kasu honetan bertsolaritzari kanala zabaltzea, eta oso pozik egingo dugu».

Mikel Artola alegiarra Harituz elkarteko kidea da: «Harituzen lanik garrantzitsuena eskualdeko bertso eskolak martxan edukitzea eta transmisio lana egitea da. Horretaz gain, hedapen saiakera batzuk egin ditugu sare sozialen bitartez; irratirako pausoa Harituz sortu denetik eman dugun pausorik handiena da». Gainera, «garrantzitsua da gure kide bat izatea saioa gidatzen duena. Ea, beraz, horrela jarraitzeko aukera dugun», azaldu du.

Sinatzaileetan hirugarrena Bertsozale Elkartea da, eta bertako sustapen arduraduna da Jon Agirresarobe. Bere hitzetan «interesgarria» da hiruren arteko gisa honetako hitzarmena sinatzea. «Normalean, Bertsozale Elkartea eta tokiko komunikabidea aritu izan gara elkarlanean, eta kasu honetan, ezinbesteko ikusten dugu bertso eskola bera ere sartzea, bi helburu betetzeko: bata, hedapenarena, Tolosaldeko bertso saioak, bertsolaritzak eta bertsogintzak bere txokoa izango du irratian; eta bestea, eskualdeko bertso saio ugari grabatuko dira eta horiek denak jasota geratuko dira».

Beraz, elkartze honi esker eskualdeko bertsozaleek hitzordu polita dute ATARIA irratian bertako bertsolariak eta horien saioak jarraituz gozatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!