Denetariko eragozpenak sortu ditu denboraleak eskualdean

Aitor Arroyo Askarai 2024ko ots. 27a, 18:00
Villabonako herri sarreran egin du gainezka, besteak beste, Oria ibaiak. LEYRE CARRASCO

Oria ibaiak gainezka egin du, besteak beste, Alegian, Tolosan eta Villabonan; Txaraman Araxes ere atera da bere ibilgutik. Errepideetan, berriz, arazoak eta istripuak ere izan dira.

Tolosaldea gogor kolpatu du Monica izendatu duten denboraleak. Goizean goizetik hainbat eragozpen sortu ditu eskualdeko hainbat lekutan, besteak beste, Villabonan Oria ibaiak gainezka egin eta herrirako sarbidea zaildu du, ibai bera Hernialdeko bidegurutzean atera delako moztuta geratu da Tolosatik Anoetara joateko errepidea, eta GI-2634 errepidean (Tolosatik Bidania-Goiatzera joateko bidean) hainbat eragozpen izan dira: batetik, Bentaundiko pasabidea itxita egon da urak gainezka egin duelako; eta, bestetik, Albizturren lur jausia egon eta arazoak sortu dira trafikoan.

Eragina hainbat herritan
Denetariko arazoak ekarri ditu errekek zein ibaiek gainezka egiteak, adibidez, hainbat herritan ura sartu da zenbait garajetan eta saltokitan. Tolosan, esate baterako, Rondilla kalearen hasierako hainbat estoldetatik atera da ura eta, horrela, urpean geratu da espaloiaren zati bat eta inguruko elkarte batera ere sartu da ura. Era berean, herriaren barruan trafiko arazoak eragin ditu Rondilla kalea geldotzeak eta baita Anoetara daraman errepidea itxi izanak ere.

Villabonan ere hainbat eragozpen sortu ditu Oriak gainezka egin izanak: 30 edo 40 bat garajetara sartu da ura eta autobus zerbitzua ere aldatu egin behar izan dute. Beatriz Unzue alkateak aipatu du duela hamar bat urte egin zirela Oriaren arroa zabaltzeko lanak eta egoerak «hobera egin badu ere», haren iritziz «ez da nahikoa».

Txaraman gainezka egin du Araxes ibaiak eta bizilagun batzuek etxeetara ura ez sartzeko itxiturak egin behar izan dituzte; Lizartzan ere hainbat puntutan egin du gainezka urak. Alegian, berriz, Regina Sorarrain alkatearen arabera «ohiko lekuetan» atera da ibaia, eta urak bestelako eragozpenen bat sortu badu ere, ez da «aparteko intzidentziarik» izan.

Datu meteorologikoak
Iragarpenek aurreratu bezala, lauak aldera baretu da denboralea eta, 24 orduko tartean, Berastegiko eta Bidania-Goiazko estazio meteorologikoek neurtu dituzte metro karratuko ur litro gehien. Hain zuzen, 162,4 eta 162,1 litro Berastegi eta Ameraun (Berastegi) estazioetan, eta 159,3 litro Bidania-Goiazkoan. Biharko eguraldiari begira, berriz, Iker Ibarluzea meteorologoaren arabera, egun osoan euri zaparradak izango badira ere, «tartekatuagoa» izango da gaurkoaren aldean. Arratsalderako, berriz, euri gutxiago iragarri du.

Erlazionatuak

Urak gainezka egin du

Tolosaldeko Ataria ots 27 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!