Sahara

«Gerran jende asko galdu genuen, eta ez dugu hori errepikatu nahi»

Iñigo Terradillos 2014ko mai. 7a, 17:35
Amasa-Villabonako Udalak antolatu duen Elkartasun Astearen barruan, Hassana Aalia ekintzaile sahararrak sahararrek bizi duten egoeraz hitz egingo du gaur, Gurea erakusketa aretoan, 19:00etan.

Zer entzun ahalko du gaurko hitzaldira joaten denak?
Mendebaldeko Saharan bizi duten egoera laburbilduko dut. Giza eskubideen urraketak, presoen egoera, torturak, desagerketak... Marokoko Gobernuaren jokalmodeen inguruan, esaterako, nola kolonizatzen duen azalduko dut, izan ere, marokoarrei Mendebaldeko Saharan lana eskaintzen die hara bizitzera joan eta gero eta gehiago izan daitezen. Marokok hainbat lurralderekin, Espainia, kasu, dituen legez kanpoko hitzarmenen inguruan ere ariko naiz.
Bizi osorako kartzela zigorra ezarria dizu Marokoko epaitegiak.
Aaiunen Gdeim Izik kanpamentuan parte hartu nuen, eta horregatik epaitua eta espetxeratua izan nintzen. Espetxetik irtetean hainbat herrialdetan izan nintzen, eta azkenekoz Mendebaldeko Saharatik irten nintzenean, pasa den urtean, esan zidaten Marokoko epaitegi militar batek bizi osorako kartzela zigorra ezarri didala. Legez kanpoko epaiketa izan da, inolako frogarik gabekoa.
Nola begiratzen diote sahararrek etorkizunari?
Kezka handiarekin. Sahararrak dagoeneko ez dira fidatzen nazioarteko komunitatearekin nahiz NBErekin, eta ikusten ari dira urte ugari daramatela erreferenduma egiteko itxaroten. Ondorioz, armak hartu eta gerrari ekitea dute buruan askok, baina, hori kezkagarria da, gerran jende asko galdu genuelako, eta ez dugu hori errepikatzerik nahi. Borroka baketsuari ekin genion, eta geroz eta gehiago dira elkarretaratze nahiz manifestazioetan parte hartzen duten sahararrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!