Sahara

Sahararren giza eskubideak errespetatzea eskatuko dute Maiatza Borrokan ekimenean

Iñigo Terradillos 2014ko mai. 7a, 17:34
Maiatza hilabete esanguratsua da sahararrentzat. Maiatzaren 10ean sortu zen Frente Polisarioa, eta hamar egun geroago burutu zuten Sahara askatzeko lehen ekintza. Bada, urtero moduan, Tolosaldea Sahararekin elkarteak urteurren horien harira hainbat ekitaldi antolatu ditu Maiatza Borrokan izenburupean. Aurtengoan, bereziki, sahararren giza eskubideak errespetatuak izan daitezela aldarrikatuko dute ekimen honen bitartez.

Villabonan izango da lehenbiziko ekitaldia. Etzi, larunbatean, sahararren txokoa jarriko dute, 17:00etatik aurrera, Malkar plazan, eta musika, henna, arabiar idazkera eta jolas sahararrak egongo dira. 22:30ean, berriz, Gurea zineman Lasarteko Kukuka taldearen Sahara, isiltasunaren ahotsak antzezlana izango da ikusgai.
Gainerako ekitaldiak Tolosan antolatu dituzte. Hala, igandean haima jarriko dute Trianguloan, eta hilaren 20ra arte edukiko dute. Bertan egongo dira sahararrak egunez nahiz gauez, eta nahi duen orok gerturatu ahalko dueuren egoeraren berri jakiteko. Gainera, arratsaldeetan sahararren egoerari buruzko ikus entzunezkoak emango dituzte, haiman bertan.
Bestalde, Aranburu jauregian Hegoa Institutuak eginiko ikerketa izango da ikusgai. Ikerketen ondorioz, Saharan eraildako zortzi pertsonen aztarnak aurkitu zituzten bi hobietan. Bada, erakusketa osatu dute bertan eginiko argazkiekin, eta  hilaren 12an inauguratuko dute, ikerketan parte hartu zuten Pako Etxeberria eta Carlos Beristainen hitzaldiarekin, 19:30ean. Hilaren 31ra arte egongo da zabalik.
Hilaren 16an, berriz, sahararren bizimodua islatzen duen erakusketa jarriko dute kultur etxean. Horrekin batera, 19:30ean, The runner dokumentala jarriko dute. Salah Ameidan distantzia luzeko saharar lasterkariaren bizipenak jasotzen ditu lanak. Hilaren 20an Trianguloan, 19:30ean egingo duten elkarretaratzearekin amaituko da egitaraua.
Sahararren alde lan egiten duten elkartetik herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldietan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!