Sahara

Herri baten duintasuna ezagutu dute eskualdeko ordezkariek

Maier Ugartemendia/Jon Miranda 2014ko mai. 16a, 09:32
Amasa-Villabona, Orexa eta Ibarrako ordezkariak errefuxiatuen egoera ezagutzen izan dira

Apirilaren 19an abiatu ziren Nora Urbizu, Eneko Maioz, Oihane Sarasola eta Oihana Iguaran, Amasa-Villabona, Orexa eta Ibarrako udal ordezkariak, Saharara. Argelian, Tindufen, dauden errefuxiatu kanpamenduetara joan ziren eta familia batekin egon ziren. Ezin izan zuten Marokok okupatutako lurretara joan.
Nora Urbizuk eta Eneko Maiozek, Amasa-Villabonako eta Orexako ordezkariek, bidaia hau iaz hautetsiek egindako bidaiaren «jarraipena» izan zela azaldu zuten; aurtengoa «politikoagoa» izan omen da. Hala ere, apirileko bidaiak jarraipena izan behar duela uste zuten.

 


Urbizuk azaldu bezala, «200.000 pertsona inguru» bizi dira kanpalekuetan, eta gero eta jende gehiago bizi omen da «Siriak eta Kubak» ez omen dituztelako jada ikasleak hartzen. Baina, geroz eta jende gehiago izan arren, «geroz eta laguntza gutxiago» jasotzen omen dute.
Hala ere, «harrigarria»omen da Maiozen esanetan «basamortuaren erdian nolako azpiegitura antolatu duten» ikustea: «baliabideak oso ondo kudeatuta dauzkate». Nora Urbizuri ere arreta deitu zion antolamenduari dagokionez duten «maila gorenagatik». Informazio eta Komunikazio Ministeritzan egin zuten bisitan ikusi zuten, esate baterako munduko prentsan euren herria urtez urte nola atera den jaso zutela. Adibide bezala, 1987an Egin egunkarian ateratako artikulu bat erakutsi zieten eskualdeko ordezkariei. Urbizuk ikusi zuenaren arabera «dena prest dute euren herrira itzuli behar dutenerako».

 


Senidetze politikoa
Saharan aurkitu zuten egoeragatik galdetuta, Maiozek azaldu zuen «bi egoera ezberdin» dituztela. Batetik, giza eskubideen ikuspegitik «egoera gogorrean» bizi dira. Basamortuaren erdian «ez dute ezer» eta «beharrezkoa» dute laguntza. Baina, beraien borroka «herria aurrera ateratzea» da. Izan ere, Maiozek azaldu bezala beraien helburua ez da «errefuxiatu kanpalekuetan ondo bizitzea», baizik eta «herrira itzultzea». Horregatik, beraien lurretan «eraiki ezin duten nazioa» han bertan eraikitzen ari omen dira.
Saharan izan ziren egunetan hainbat bisita egin zituzten, baina, egunik bereziena Senidetze Eguna izan zen. Orexako herria 28 de Febrero izeneko dairarekin edo herriarekin senidetu zen, eta Amasa-Villabona Agtirekin. Senidetze hauek «politikoak» omen dira, «euren eskubide politikoen defentsan» egindakoak. Maiozek euren «erabakitzeko eskubidea» ere aldarrikatu zuen. Horregatik, Saharan egindako senidetze ekitaldian «saharar herriaren erabakitzeko eskubidearen alde borroka egingo dela» dioen testua onartu zuten.
Sahararrengandik senidetze honetan jaso zuten eskaria «blokeo informatiboarekin haustekoa» izan zen; han gertatzen dena «salatzeko» beharrezko ikusten baitute. Gauzak honela, beraiek bidali dieten informazioa  «herritarrei zabaltzea» ere eskatu diete.


Aske bizitzea
Maiozek eta Urbizuk nabarmendu zuten Saharako harresiaren bi aldeetara «sentimendu bateratua» dutela. «Oso errealitate desberdina» bizi dute bi aldeetan eta «harremanetan egoteko zailtasunak dituzte», baina, oso argi ikusten omen zen «sentimendu eta helburu berak» lotzen dituela; «euren herrira itzultzea eta aske bizitzea» dute helburu.
Bidaiako momenturen bat azpimarratzeko eskatzerakoan, berriz, Urbizuk argi zuen «herri baten duintasuna» azpimarratuko lukeela: «ezer ez eduki arren, argi dute euren helburua zein den, oso argi daukate zergatik ari diren borrokan».
Helburu horretan laguntzeko «sostengu politikoa» eman behar zaiela eta «nazio eraikuntzatik» lagundu behar zaiela uste du Maiozek. Horregatik, Tolosaldea Sahararekin elkarlanean proposamena eta bete beharrezko helburu bezala ikusten dute, Tolosaldeko 28 herriak, Saharan dauden 28 dairekin senidetzea.
Aurrera begira, sahararren helburua «erreferenduma egitea» litzateke Maiozen eta Urbizuren ustez. Gatazkak urte askotan dirau eta gazteek argi omen zuten «han jaio direla baino ez dutela han hil nahi». Maiozek argi du giza-laguntza beharrezkoa duten arren, honakoa ez dela «arazo humanitario» bat, sahararrek «beraien herrian aske bizitzea» dutela helburua eta horretarako gakoa erabakitzeko eskubidean dagoela.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!