Altuna-Artola finala

Nola bizi dute finala Alegian?

Mikel Iraola 2014ko aza. 21a, 08:31

Mikel Artola, Joxe Luis Zabala, Imanol Irazustabarrena eta Aitor Encinas batu ditu ATARIA-k. Iñaki finalean ez balitz, Jokin animatuko lukutela diote.

Amezketan bezain besteko zalaparta sortu du biharko finalak Alegian. «Sekula frontoi batean ikusi ez dudan jendea joango da igandean. Herrian ez da beste konturik», dio Joxe Luis Zabala, Intxurre pilota eskolako arduradunak. Mikel Artola, Iñakiren anaiak, berriz, «lehen hamar biztanletik hiru pilotazaleak baziren, orain zazpi» direla dio, pilotaren onerako: «Gaztetxoak gehiago ibiltzen dira pilotan».

Atanon 300 alegiarretik gora izango direla aurreikusi dute. «Bi autobus beteko dira seguru, eta beste asko autoz edo bestelako garraiobideetan joango dira», dio Imanol Irazustabarrena, Artolaren lagun minak. «Baten batzuk agian amezketarren autobusean ere joango dira», gehitu du.

Izan ere, finalak zerbait ona badu, hori bi herrietako zaletuen arteko harreman ona da, aurkarien arteko laguntasunaz gain. «Lehia badago, baina naturala» diote guztiek. Parranda ere batera egiten dute askotan, Iruñean, Ardoaren Desafioan, elkarren aurka jokatu zutenean egin zuten bezala, eta biharkoa, noski, ez da salbuespena izango.

Badira kasu kuriosoak. Gertutasunagatik, laguntasunagatik edo besterik gabe, gustuko pilotari izanagatik badira Altunaren aldeko alegiarrak, edo Artolaren aldeko amezketarrak. Esaterako, Artolak, amezketarrak diren lagunak ditu kuadrillan eta Altunaren alde izango dira bihar. Jokinek ere ba omen du lehengusu alegiarren bat, eta hark Artolari animatuko dio, oso lagun ona baitu.

Erdibidekoak ere badira. Horregatik dio Mikel Artolak, Iñakiren anaiak, «norgehiagoka ona» izatea nahi duela: «Biek ongi jokatzea nahi dut, hori litzateke politena, eta ondoren bai, niretzat, anaiak irabaztea». Irazustabarrena eta Encinas ere uste horren aldekoak dira: «Jokinek irabaziko balu, asko poztuko ginateke berarengatik». Are gehiago, diote Iñaki finalean izango ez balitz, amezketarrekin batera joango liratekeela frontoira eta hura animatuko luketela. «Seguru alderantzizko kasuan ere gauza bera gertatuko litzatekeela amezketarrekin», diote naturaltasunez.

Topikoak errealitate
Profesional mailara saltoa egin eta denbora gutxira lortu dute finalean izatea biek, baina horrek «inor gutxi harritu» duela diote alegiarrek. «Afizionatuetan oso maila onean lehiatu izan dute biek urtetan, nabarmendu dira. Etengabeko hobekuntza izan dute urterik urte».

Kontuak kontu, merezi duten lekura iritsi dira, eta profesional mailako lehen finala jokatuko dute. Neurketa «oso irekia» ikusten dute guztiek, bi pilotarien maila «ona» delako. Beren herrikidea «faborito» ikusten duten arren, «ezin fidatu». «Iñakik bere esku du irabaztea. Gaitasun handia du eta bere jokoa egiten badu irabazteko aukera asko ditu. Uste dugu Altunak irabazteko, ordea, berak ongi jokatzeaz gain, Artolak partida txarra jokatu behar duela», diote.

Altuna, ordea, arerio arriskutsutzat dute: «Hirutik aurrera ongi mugitzen den pilotaria da», dio Irazustabarrenak, Artolaren «indarra» nabarmentzearekin batera. Mikel Artolaren ustez, berriz, «errealitatea erakusten duten topikoak» dira horiek: «Jende guztiak horrela definitzen ditu, horrelakoak direlako».

Tentsioa ere faktore garrantzitsua izango da. Artolak, ligaxkako neurketan ez bezala, pasa den igandean tentsio «handiagoa» nabaritu zuen: «Finalean pentsatzen dut are handiagoa izango dela. Zalaparta handia izango da. Sakea egitera zoazenean ez da pilota hotsa entzun ere egiten. Sortzen den tentsio hori ongi kudeatzea gakoetako bat izango da irabazteko». Alor horretan bi pilotariak «ondo» moldatzen direla uste dute alegiarrrek. «Ez bata ez bestea ez dira kikiltzen diren horietakoak. Ohituak daude. Hori adibidez Ricori gehiago nabaritu zitzaion», diote.

Tentsio horren erakusle da pasa den igandeko pasarte kurioso bat. Artolari gerrikoa ahaztu zitzaion etxean, eta Aimar Olaizolak utzi zion bigarren bat: «Tori, ez dut neurketa bat bera ere irabazi horrekin azkenaldian», esan zion goizuetarrak. Azkenean, amak ekarri zion berea eta horrekin jokatu zuen.

«Afizionatu mailan nengoenean aitak etxetik ateratzerakoan beti gogorarazten zidan ea fitxa hartu nuen, eta hala eta guztiz ere, behin baino gehiagotan ahaztu izan nuen. Orain fitxarik eraman behar ez dudanez, gerrikoa ahaztu!», dio umorez alegiarrak, anaiak buruarekin baiezkoa egiten duen bitartean. «Bihar ez dut ahaztuko».

Irabazi ala galdu, festa
Emaitzaz haratago, Alegian ere festa izango da bihar. Amezketan ez bezala, gertukoek bakarrik elkartean afalduz ospatuko dute eguna, «badira eta ospatzeko arrazoiak». Parranda horretan amezketarrekin batzea ere espero dute. Eskualdeak, behintzat, irabazi du kantxatik kanpo. Barruan, onenak irabaz dezala.

Erlazionatuak

Bertsoak Jokin Altuna eta Iñaki Artolari

Tolosaldeko Ataria 2014 aza 25 kirola

ARTOLA TXAPELDUN!

Asier Imaz 2014 aza 22 Alegia   Amezketa

Zaletuen nahia egi bilakatu da

Mikel Iraola/Asier Imaz 2014 aza 21 Alegia   Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!