Altuna-Artola finala

Nola bizi dute finala Amezketan?

Asier Imaz 2014ko aza. 21a, 08:31

Xalton Zabalak, Nekane Altunak, Joseba Gallurraldek, Eneko Goitiak eta David Artolak hitz egin dute Jokin Altunaren inguruan. Zazpi Iturri pilota eskolako arduradun den Zabalaren esanetan, "Jokinek baino pilota partida gehiago ikusi dueneik ez dut ezagutu".

Jokin Altunaren amak pianoa Amezketako frontoiko bigarren solairuan erakusten zuen: hortxe! Guretzat fenomeno! Egunero-egunero, 16:30ean, ni pilota eskolara eta bera musika gelara. Eskolatik haurrak ateratzen zirenean, batzuk gora joaten ziren, eta besteak behera. Bera haurren zain gelditzen zenean, gelako atea irekitzeko esaten genion, eta izugarrizko pieza ederrak jotzen zizkigun.

Mutil koskorra egunero amarengana joaten zen, eskolatik atera eta ogitartekoa hartzera. 3-4 urte zituenetik, goiko baranda horietan hankak sartu, eta behera begira egoten zen; amak bukatu arte. Bere garaia iritsi zenean, hortik hona eman zuen saltoa. Hemen ibili ondoren, amarengana igo, elastikoa aldatu, ogitartekoa hartu, eta bere lekuan, behera begira geratzen zen. Arratsalde guztia. Berdin zitzaion txikien, kadeteen, jubenilen edo helduen partidak ikusi, tokatzen zenari begira egoten zen. Ume honek baino pilota partida gehiago ikusi duenik ez dut ezagutu; mundu osoan oso gutxi egongo dira. Izan ere, asteburuetan, suertez, osabak ikustera joaten zen Hernaniko Galarretara. Bere ama larunbatero eta igandero joaten zen bere anaiak erremontean jokatzen ikustera. Aitak ere ahal zuenean gauza bera egiten zuen, eta haurrak ere han izaten ziren.

Pilotan fijatze horrek asko lagundu diola pentsatzen dut. Garai batean irratirik eta ezer ez zenean, soinu txikia etxean zuenak horrela ikasten zuen. Erromeriara joan, pieza bat entzun, barneratu, eta etxera joaten zenean entseatuz ikasi. Jokinek ere hori egin du.

Bost urterekin, txuriz azkarren jantzi dugun mutikoa da. Mutil ona. Karisma handikoa. Inorekin liskarrik izan ez duen horietakoa. Normala da herrian sortu duena sortzea: gaztea da, joko erakargarria egiten du, eta ilusioa piztu du.

Xalton Zabala amezketarra, Zazpi Iturri pilota elkarteko arduraduna, Altuna III.aren hastapenez hizketan. Nola kontatzen duen entzutea, kantxaren erdian jarrita, oraindik eta politagoa da.

Ez dadila azkena izan
«Finalaz etxean ez dugu Jokinekin asko hitz egin; ez zaio asko gustatzen hortaz hitz egitea, baina gogotsu dagoela nabari zaio. Denak horrela gaude», dio Nekane Altunak, Jokinen arrebak. Aurrekoan, anaiaren txikitako argazkiak ikusten aritu zirela onartzen du: «Bere aurreneko partidetako irudiak... orain profesionala da. Txiki-txikitatik pilotalekuz pilotaleku ibili gara berarekin, eta orain final batera goaz. Guretzat ere izugarri polita da». Poza, urduritasuna... larunbata sentsazio nahasiekin biziko dute etxekoek. Baina argi dute: «Galdu edo irabazi, bera hor egotea, emozio handi bat da».

Lagunen astea ere berezia izaten ari da. Joseba Gallurralde, Eneko Goitia eta David Artola, besteak beste, burubelarri ibili dira biharko egun handia prestatzen: «Sarrerak, autobusak, afarirako txartelak, pankartak... Ekaitz Saralegirekin ere berdina egin genuen, eta orain, Jokinekin». Nekanek bezala, lagunek ere herrian bi pilotari handi dituztela arrotasunez esaten dute, eta Saralegi lehen mailako finalerdietan dagoela ez dute ahazten. Bihar, ordea, Jokinen txanda izango da.

Goizean frontoi zaharreko hiru t’erdiko txapelketaren finalak jokatuko dira. Partaide guztien artean, bazkaria egingo dute ondoren. Tartean, Fernando Amezketarra urtearen barruan, kale antzerkia izango da, eta hemen ere, herritarrak izango dira protagonista. Arratsaldean joango dira guztiak Donostiara. Bi autobus beteak dituzte, eta autoz joango denik ere izango da. Partidaren ondoren ez dira hiriburuan geldituko, galdu edo irabazi herri afaria egingo baitute frontoian. 130 txartel atera dituzte, eta guztiak salduko direla diote. «Egun gogorra eta polita izango da. Donostian ospatu baino nahiago izan dugu Amezketara itzultzea. Elkarrekin egoteko egun bat izango da, herri giroan. Bera ere horrela gusturago sentituko delakoan gaude», diote Jokinen lagunek.

Aurkariaz ere hitz batzuk esan dituzte. Iñaki Artola lagun handia dute, eta pozik daude bera ere finalean egongo delako: «Amezketa eta Alegiaren artean beti egon da txispa hori, baina sanoa da. Sanferminetan Iruñean Artolak eta Altunak jokatu zutenean, bi herrietako zaleak elkarrekin joan ginen autobusez. Poteoan eta pilotalekuan ere batera egon ginen. Finala alde horretatik oso berezia izango da, eta norbaiten aurka galdu behar badu Jokinek, Iñakiren aurka izan dadila».

Bien arteko azken finala baino lehena izatea nahi dute amezketarraren lagunek. Horretarako, biek ala biek, dohain handiak dituztelakoan daude: «Biengatik poztuko ginateke, eta guk ere gurea emango genuke harmailetatik».

Erlazionatuak

Bertsoak Jokin Altuna eta Iñaki Artolari

Tolosaldeko Ataria 2014 aza 25 kirola

ARTOLA TXAPELDUN!

Asier Imaz 2014 aza 22 Alegia   Amezketa

Zaletuen nahia egi bilakatu da

Mikel Iraola/Asier Imaz 2014 aza 21 Alegia   Amezketa

Nola bizi dute finala Alegian?

Mikel Iraola 2014 aza 21 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!