Altuna-Artola finala

Zaletuen nahia egi bilakatu da

Mikel Iraola/Asier Imaz 2014ko aza. 21a, 16:49

Jokin Altunak eta Iñaki Artolak, euren herritarrak atzean dituztela, Lau t’erdiko Promozio Txapelketaren finala jokatuko dute, bihar, Donostian. Nola ikusten dute amezketarraren eta alegiarraren arteko norgehiagoka eskualdeko pilota eskoletako ordezkariek? Eta nola bizi dute final hau bi herrietan?

Urriaren 10ean hasi zen Lau t’erdiko Promozio Txapelketa. Alegiako pilotalekua jendez bete zen orduan.  Altuna III.ak eta Artolak elkarren aurka jokatu zuten, ligaxkako lehen partida. Batak irabazi edo besteak galdu; Elorrin elkartutako guztiek amets bera zuten. Ametsa egi bilakatu da; amezketarrak eta alegiarrak elkarren aurka jokatuko dute, berriro, baina oraingoan, finalean.  

Donostiako Atano III.a pilotalekua lepo beteko da. Duela bost hilabete debutatu zuten bi pilotari gazte kantxara irtetean, harmailek burrunba egingo dute. Giro horregatik besterik ez bada ere, merezi izango du bihar hiriburura joatea.

Lau t’erdiko txapela nork jantziko duen jakitea ez da erraza, baina bada gauza bat ziurra: 22ra bata edo bestea iritsi, alegiarrek eta amezketarrek larunbatean festa egun handia dutela.

Finala pilota eskoletako arduradunen ikuspuntutik

Xalton Zabala Zazpi Iturri, Amezketa
«Nahiko nuke gogorra izatea; bakoitzak bere ahal guztiak frontoian erakutsi ahal izatea. Partida ona espero dela pentsatzen dut, baina, arriskua ere badago, bietako bat gainditua izatekoa. Elkarren arteko bi partida ikusi ditut, Bergarakoa eta Iruñekoa. Jokin aurretik ibili zen horietan; Alegian ez.  Artola oso indartsu ikusten dut, eta arriskua hor ikusten dut. Altunarentzat izan litekeen aurkaririk gogorrena dela pentsatzen dut».

Jose Luis Zabala Intxurre, Alegia
«Iñakik irabaztea gustatuko litzaidake. Alegian jokatu zuten partida ez da erreferentzia, Altunaren maila ez baitzen ikusi. Bergaran afizionatuetan jokatu zutena, aldiz, bai. Ikusgarria izan zen, inoiz lau t’erdian ikusi dudan onenetakoa. Benetako maila han erakutsi zuen Jokinek, eta horrela jokatuz gero biek, edozeinek irabaz lezake bihar. Iñakiren azken partidan berriz, oso serio eta ondo ikusi nuen, nahi zuen hura egiten».

Anizeto Lazkano Beotibarko arduraduna, Tolosa
«Final handi horretarako ez dut faborito garbirik ikusten, nahiz eta apustuetan Iñaki agertzen den faborito. Partida oso polita ikusten da, alegiarrek, amezketarrek eta denok nahi genuena.
Bete-beteko partida ikusten dut. Presioa hobekien estutzen duenak irabaziko duela uste dut. Baten trebezia bestearen indarraren aurka. Gertutasunagatik, Alegiako zezen gorriak irabaztea gustatuko litzaidake niri».

Luis Galarraga Aurrera Saiaz, Bidania-Goiatz
«Nire ustez oso final parekatua jokatuko dute Jokin Altunak eta Iñaki Artolak. Aurretik ikusi duguna kontuan hartzen baldin badugu, faboritoa Iñaki dela esango nuke. Baina ez euren artean jokatu zuten partidagatik, baizik eta txapelketa guztian Artolak erakutsi duenagatik. Partidak erraz irabazi ditu, eta gainera jokoa emanaz. Hala eta guztiz ere, bi horien arteko partidak beti izan dira gogorrak, eta finala horrelakoa izatea espero dut».

Juan Manuel Erasun Ziotza, Zizurkil
«Finala oso estua izango dela uste dut. Badakit Artolak ligaxkan oso erraz irabazi zuela, baina geroztik gauzak asko aldatu direla uste dut bientzat, batez ere Altunarentzat. Zerbait azpimarratzekotan? Artolaren arlo fisikoa eta indarra, eta Altunaren jaiotasuna. Amezketarra plaza gizona da, eta oso teknikoa. Askotan finalak ez dira partida onenak izaten bakoitzak duena erakusteko, baina partida on bat atera daitekeela uste dut».

Iñaki Lizaso Behar Zana, Amasa-Villabona
«Alegian jokatu zen partidarekin ez du zerikusirik izango, partida hartatik biek asko ikasiko zutelako, eta batez ere, Jokin Altunak. Horregatik, faborito bat zehaztea zaila egiten zait. Agian Artola gehiago ikusten dut, kolpez ere gehiago delako. Baina Victorren aurka Altunak erakutsi zuen sendotasunagatik, ezin da baztertu. Final bat da, eta edozer gerta daiteke; urduritasunak ere eragin dezake. Partida nahiko irekia ikusten dut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!