Altuna-Artola finala

Iñaki Artola: «Txapela honen meritua ez da nirea bakarrik izan»

Asier Imaz 2014ko aza. 25a, 15:31

Lau t'erdiko Promozio Txapelketa irabazi ondoren, bizitzak aurrera jarraitzen du, eta Iñaki Artola (Alegia, 1994), txapelduna, Ikaztegietan zegoen atzo. Bertako gazteen pilota irakaslea da alegiarra, eta beste hainbatetan bezala, aholku eta animoak ematen ibili zen Galtzalde pilotalekuan.

Atanoko lainotik jaitsi al zara?
Euforia momentu bat izan zen. Lagunak gerturatu zitzaizkidan... eta hunkitu ere egin nintzen. Oraindik gustura jarraitzen dut, baina orain beste poz mota batekin nago. Gaur eguneroko martxari ekin diot. Ez zait ahaztu, gustura nago, pozik eta kalean ere jendeak zoriontzen nau oraindik; baina, jada lasaiago. Entrenamenduetako martxa hartu dugu berriro.

Oroitzapenak argi al dituzu?
Egia esan, nahiko nahasturik dauzkat. Azken tantoa, adibidez, ez dut ongi gogoratzen. Momentua bera, eguna, astea... tentsio handiarekin pasa nituen; urduri. Partida bukatu zenean, halako lasaitu bat hartu nuen, tentsioa jaitsi zitzaidan; podiumean ez dakit zein aurpegi izango nuen...

Hurrengo urtean, Lehen Mailako Lau t'erdikoa jokatuko duzu.
Txapel honen saririk politena hori da: urte hau hobea edo txarragoa egin, ziurtatuta daukazu lehen mailan jokatuko duzula. Horrek momentuan dauden pilotari onenekin lehiatzea esan nahi du, eta egia esan, ederra da. Datorren urtea urruti dago, eta ez dakit ordura arte bigarren mailan edo lehenengoan ibiltzeko aukera izango dudan, baina txapelketa hori behintzat, lehen mailan jokatuko dudala pentsatzen dut.

Eta agian, Ekaitz Saralegiren aurka. Atanon han zegoen, eta txantxetan ere aritu zineten.
Aldagelatara sartzera nindoanen, Ekaitz bertan zegoen. Jokinek eta biok dugu laguna. Bizkarretik heldu eta kazetariei zuzenduz esan nuen, argazkia ateratzeko aukera orduan zutela, bi txapeldunak han geundela eta.

Polita izango litzateke: Tolosaldeko bi txapeldun.
Aimar Olaizola ere entrenamenduetako kidea dut, eta harreman oso ona daukat berarekin. Baina, Saralegik irabaziko balu ikaragarri polita izango litzateke.

Entrenamenduetan talde polita osatzen duzue, beraz.
Azken asteak politak izaten ari dira entrenamenduetan. Jon Ander Albisu, Asier, Mikel Olaetxea eta Ekaitz Saralegi batera entrenatzen ari gara, eta azken aldian emaitza onak lortzen gainera. Olaetxeak Olaizolaren kontra ezustekoa eman zuen aurrena, gero Saralegik Retegi eta Xalari irabazi zion, orain nire garaipena. Asteburuan Saralegik irabaztea ikaragarria izango litzateke.

Nori eskaintzen diozu larunbateko txapela?
Momentu hartan jende asko etorri zitzaidan burura, eta nik uste dut txapela horren meritua ez dela nirea bakarrik. Familiak zakarkeria asko jasan dizkit aste honetan barrena, eta lagunek ere babes handia eman didate txapelketa osoan; ez txapelketan bakarrik, baita aurretik ere, afizionatuetan. Oso eskertuta nago horregatik guztiagatik.

Lan pixka bat ere egin dute azken asteetan.
Nik jokatzearekin nahikoa lan banuenez, sarreren eta afariaren kontua pare bat lagunek eraman dute, sekulako lana hartuz.

Anaiak ere lan berezia egin du zure ondoan, botilero bezala.
Aste osoan laguntzeko egon da beti; badakit berak bere kontuak ere bazituela, baina laguntza eskatu izan diodanean, beti hor egon da.

Eta eskaintzekin amaitzeko?
Nire lehenengo txapela hau, batik bat, pilota munduan azken urteotan lagundu nauten guztiei eskaini nahi nieke. Jende asko izan dut inguruan laguntzeko eta, gainera, kirol ibilbidea ez da beti zerbait polita izaten, baxualdiak ere izaten dira, eta horrelakoetan batzuk beti hor egon dira: Tolosara joan nintzenean, Luis bera...; Anizeto Lazkanok ere ikaragarri lagundu izan dit azken urteotan. Baina, batik bat, Alegiako pilota eskolako Joxe Luis Zabalari eskertuko nioke, txiki-txikitatik ikaragarri lagundu izan baitit; ordu asko sartu izan ditu, borondatez, gugatik.

Euskadi Irratian botatako bertsoa:

Erlazionatuak

Bertsoak Jokin Altuna eta Iñaki Artolari

Tolosaldeko Ataria 2014 aza 25 kirola

ARTOLA TXAPELDUN!

Asier Imaz 2014 aza 22 Alegia   Amezketa

Zaletuen nahia egi bilakatu da

Mikel Iraola/Asier Imaz 2014 aza 21 Alegia   Amezketa

Nola bizi dute finala Alegian?

Mikel Iraola 2014 aza 21 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!